Txirikorda jardunaldi jendetsuak

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 24a, 15:04

Hiru urte luze forma hartzen aritu den Txirikorda proiektua azken txanpan sartu da, eta jada interesa duten guztiek aurre izen-ematea egin dezakete udaleko webgunearen bitartez. Proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko jardunaldiak ospatzen ari dira aste honetan. Atzo arratsaldeko saioan, Matiazaleak eta Hernaniko auzozaintza proiektuak aurkeztu zituzten Txirikordarekin batera belaunaldi arteko esperientziak gertutik ezagutu asmoz.

Matiazaleak esperientzia

Matia Fundazioak Matiazaleak esperientziak ekarri ditu mahai gainera. Geroz eta helduagoa den gizartean, familiak ere geroz eta txikiagoak dira, eta ondorioz, belaunaldi arteko arrakala geroz eta handiagoa da. “Duela 20 urte, ez dago atzerago joan beharrik, familiak handiagoak ziren orain baino. 80 urte atzera egiten badugu zer esanik ez. Gure aitona-amonei haien umetako familia argazkiak eskatu besterik ez dago horretaz jabetzeko”, esan du hizlariak. Ondorioz, belaunaldi arteko harremanak ere aldatu egin dira, eta geroz eta urrunago egiten zaizkigu beste belaunaldiak. Hoztu egin dira harremanak, nolabait. Egun ditugun harremanak hiru motatakoak dira batik bat: helduek haur eta gazteei zerbitzuak ematen dizkiete, gazteek helduei ematen dizkiete zerbitzu horiek edo belaunaldiek bat egiten dute gizarte arazoei konponbidea eman nahian. Dena den, egungo gizartean adinagatik egiten den diskriminazioa ia erabatekoa da. Espazioak diseinatzerako garaian ere nabari da hori, espazio batzuk haur eta gazteentzat diseinatzen dira haur parkeak esaterako, eta beste batzuk helduentzat eguneko zentroak edo egoitzak, esaterako. 

 

Matiazaleek joera hau apurtu eta esperientziak “probokatzen” dituzte belaunaldien arteko hartuemana bultzatzeko. “Probokatu hitza erabiltzen dugu, nahita, modu naturalean gertatzen ez diren harremanak direlako askotan, eta hori natural bilaka dadin, askotariko esperientziak antolatzen ditugu”, jakinarazi dute Matiazaleek. Ikastolekin harreman zuzena dute eta horrek esperientzia anitzak osatzeko aukera eman die urte luzez. LH5eko ikasleek eta batxilegoko lehen mailako ikasleek gozatzen dute, batez ere, esperientzia hauetaz. Tailerrak, esperientzia partekatzeko dinamikak zein hitzaldiak ere egiten dituzte gazteek zuzenean helduekin harremantzeko aukera izan dezaten. Ondorio positiboak atera dituzte hartueman horietatik eta programa luzeak egiteko aukera ere izan dute intereseko esperientziak izan dituzten kasuetan. Estereotipoak gainditzeko aukera eskaintzen diete bi belaunaldiei eta hori lortu ahal izateko, ezinbestekoa da ezagutza izatea eta transmisio bideak zabaltzea. Esperientzia horiek sentsibilizazioa sortzen dute menpekotasun eta gaixotasunen aurrean, eta horrek, ezinbestean, solidaritatea eta enpatia dakartza.

 

Hernaniko auzozaintza proiektua

Xabier Lertxundi, Hernaniko alkatearen azalpena izan da ondoren. “Zaintza lanen ardura ez da indibiduala eta pribatua, kolektiboa eta politikoa baizik”, lelo horrekin ekin dio azalpenari. Hernanin urte hasieran hasitako esperientzia da auzozaintzarena, bakardade ez hautatuaren aurrean helduei laguntza ematean datza. 2016an ekin zioten proiektua prestatzeari Donostiako emakume dirudun batek izugarrizko dirutzak udaletxeari utzi zizkionean. “Emakumeak diru kantitate izugarria utzi zion udaletxeari horrekin bakardadea sentitzen duten helduei laguntza emateko proiektu bat prestatzeko. Emakume honi zor genion errespetuagatik hasi ginen proiektu hau sortzen eta ia 6 urte beranduago, urte hasieran, jarri genuen martxan”, esan du Hernaniko alkateak. 

 

Zaintza lanak erabat feminizatuta, gaizki ordainduta eta desprestigiatuta daudela ondorioztatu, eta horretan lanean diharduten emakumeek diskriminazioa jasaten dutela konturatuta, zaintza lan horiek bripentsatu nahi izan dituzte alde batetik, eta bestetik bakardadean dauden pertsonak identifikatu. “Jende askori izugarri kostatzen zaio bakarrik sentitzen dela esatea, asko konturatu ere ez dira egiten hala dela, baina ondo baino hobeto dakitenek ere norbaiti zuzenean hori esatea ez da batere ohikoa”, dio Xabier Lertxundik. Erroldaren bidez, bakardade senti dezaketen pertsonak detektatzeko programa jarri dute martxan. Erroldaren arabera, helduaroan bakarrik dauden, edo behintzat etxe horretan bakarrik erroldatuta dauden pertsonak identifikatuta. Diru-sarrerak ere aztertzeko modua badute identifikazioan sakontzeko, baina duela gutxi martxan jarritako proiektua dela kontuan izanda, erroldari heldu diote batik bat. 120 telefono dei egin dituzte etxe horietara, eta jada 15 interbentzio martxan dituzte. 

 

Interbentzioa egiteko bidelagun figuraz baliatzen dira, hau da, Maitelan kooperatibako zaintza lanetako profesional bat arduratzen da pertsona helduari laguntzeaz. Inklusio sozial eta komunitarioa bultzatzea da helburua, eta beraz, bidelagunak kalean eta herrian egiten diren ekitaldi eta elkarteetako ateak zabaltzen dizkie pertsona hauei. Etxean bakarrik egon beharrean, kalean lekua egin eta bakardadeari agur esateko modua da hori. Auzozainen figurak eta auzo elkarteen lana ere detekzioan eta inklusioan ezinbesteko giltza dira bakardadea identifikatu eta eskua emateko aukera baitute. Aldi berean, zaintza lana dignifikatu ere egiten da bidelagun figura horren bitartez.

 

Txirikorda proiektua

Herrian martxan jartzekoa den Txirikorda proiektuak baditu hainbat ideia eta helburu komun beste bi esperientziekiko. Belaunaldien arteko esperientzia da gurea ere, baina beste biek ez bezala, etxebizitza komunitario itxura izango du. Euskal Herrian dagoen bakarra izango da. Urriko osoko bilkuran prestatuko dute ordenantza eta ondoren, 2023 urte hasieran izango da izen ematea eta etxebizitzen esleipena. 

 

Herrian dauden bi arazo nagusiri aurre egin nahi dion proiektua da Txirikorda. Alde batetik, gazteek etxebizitza eskuratzeko dituzten zailtasunei aurre egin, eta bestetik, adinekoek bakardadea edo etxebizitzen irigarritasun falta. Etxebizitza komunitarioak aukera emango die herritarrei alokairuan bizi eta belaunaldien arteko hartuemana bultzatzeko, bai eta belaunaldi bereko pertsonen harremanak indartzeko ere. 

 

Eraikina Ugartondon eraikitzen ari dira eta 16 etxebizitza ditu, logela bakarreko 10 eta bi logelako 6. Egongela, sukaldea, komuna, logela bat edo bi eta terraza ditu etxebizitza bakoitzak. Espazio komun handiak eskainiko ditu: terraza teilatuan, portxea sarreran, garbigauluak, biltegiak, sukaldea, jantokia, egongela, liburutegia eta erabilera anitzeko gela. Bakoitzak bere etxebizitza pribatua izango du, eta gainontzeko espazio komunak gainerako bizilagunekin partekatuko ditu. Komunitateak berak erabakiko ditu garbiketa txandak, erabilpenak eta ordutegiak.

 

Gazteek gehienez 5 urte egingo dituzte Txirikordan, eta helduek berriz, 5 urteko kontratua izango dute, baina luzatzeko aukerarekin. Alokairuaren prezioa ez da denentzat berdina izango, diru-sarrera guztien %15 ordaindu beharko da gutxiengo prezioa hilean 90€koa izanda. Urtero egingo dute diru-sarreren berrikuspena. Helduek kontratua sinatzen denetik urte bateko epean, konpromisoa hartu beharko dute etxebizitza hutsik ez uzteko eta hala espekulazioari aurre egingo zaio.

 

Etxebizitzako maizterrak aukeratzeko, izen ematea egin beharko da beharren arabera logelen kopurua adieraziz. 2023 urte hasieran izango da hori, eta eskatzaileek ezinbestean parte hartu beharko dute udalak eskainiko duen formakuntzan eta prestaketan. Ondoren, maizterrak aukeratzeko bi bide zabalduko dira. Gazteak zozketa bidez aukeratuko dituzte, eta helduen kasuan, gizarte zerbitzuek eskatzaileen beharrak neurtzeko baremazioa egingo dute. Bi kolektiboetako eskatzaileen proportzioa eta adierazitako logela beharrak kontuan hartuko dituzte esleipena egiterakoan, kolektibo bakoitzari 8 etxebizitza eskainiz. Kolektiboren batean ordezkaritzarik ez balego, 2-3 etxebizitza erreserban utziko dituzte. Itxaron zerrenda bat ere osatuko dute etorkizuneko bajak kubritzeko.

 

Errenta ordaintzeaz gain, ezinbesteko baldintza izango da bizilagunentzat astean ordu batzuk eskaintzea komunitateari. Usurbilgo bizitza publikoan eragile aktibo izan nahi du Txirikordak, eta beraz, barruko zein kanpoko jarduerak bultzatuko ditu.