Zirkobirak gaztetxoenak liluratu zituen

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 24a, 12:03

Zirko ibiltariak girotu zuen ostiral arratsaldean herria. Euria tarteko, ibilbidea laburtu beharra izan zen.

Gozatu ederra hartu zuten gaztetxoenek eta helduagoek ere, ostiral arratsalderako NOAUA! Kultur Elkarteak plazaratu zuen eskaintzarekin. Urtero, txikienei zuzenduta kultur elkarte honek antolatzen duen Plis Plas Txalo ta Jolas ekimena, aurtengoan ikasturte hasiera honetan. Aipatu moduan, zirkoa Usurbilgo erdiguneraino ekartzea erabaki zuen; zirko ibiltaria. Artzabaldik abiatu eta Mikel Laboa plazan amaitzea aurreikusia zegoen. Euria tarteko ordea, Askatasuna plaza izan zuen abiapuntua Zirkobirak eta kalejira labur bat egin zuen segidan frontoira, eta handik Mikel Laboa plazaraino. Bide horretan denetariko erakustaldi bikainak eskaini zituzten partaideek eta zirkoko akrobazietan partehartzera gonbidatu zituzten gaztetxoenek.

Udazken mugitua datorkigu; adi, NOAUA! Kultur Elkartearen datozen hilabeteotarako deialdiei.