Azken ostiraletako elkarretaratzeak bueltan, udako etenaldiaren ostean

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 27a, 11:08

Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea deitu du Sarek iraileko azken ostiralerako. Urriaren 8rako urte honetako "mobilizazio eta jaialdi handiena" Donostian.

Ekainean egin zen Usurbilgo Sarek deituta, euskal presoen eskubideen aldeko azken elkarretaratzea Mikel Laboa plazan. Uztailean Euskal Herrian barrena antolaturiko bizikleta martxak udalerri hau zeharkatu zuen N-634 errepidetik barrena. Udako etenaldiaren ostean, mobilizazioak antolatzeari ekingo dio berriz Sarek hilero azken ostiraletan. Datorrena beraz, hilaren 30ean, arratsaldeko 20:00etan, ohiko lekuan, Mikel Laboa plazan. 

Elkarretaratze honen ostean, urriaren 8rako urteko "mobilizazio eta jaialdi handiena" iragarri du Sarek Donostian, "Etxera bidea gertu!" aldarripean. Urteotan martxan izan duten Izan Bidea, presoen auziari konponbidea emateko dinamikaren baitan, "gure buruei 3.127.326 km egiteko ezarritako erronkari amaiera emango diogu egun horretan, azken kilometroak Donostiako kaleetan eginaz eta, ondoren, Ilunbera eramango gaituen manifestazio koloretsu bati ekingo diogu, azkenik jaialdiari paso emateko". 

Bi mezu helarazi nahi ditu Sarek egun honen bidez. "Batetik, leloak dioen moduan, euskal presoak etxetik gero eta gertuago daudela eta herritarrok ere etxeratze prozesu hori gauza dadin gertu = prest gaudela. Gertutasun hori aurrerapauso garrantzitsua dela adierazi nahi dugu eta eskerrak eman bide horretan aktibo izan diren pertsona, eragile, sindikatu eta alderdiei, guztion artean aurrera urrats hori ospatuz. Bestetik, lortutakoari garrantzia kendu gabe, oraindik ere urruntze politikarekin eta salbuespeneko espetxe politikarekin guztiz amaitzeko bidea egiten jarraitu behar dugula adierazi nahi dugu".


Urriak 8, larunbata
Donostian:
11:00 Bulebarretik, #IzanBidea dinamikaren azken kilometroak.
12:00 Pio XII-tik Illunbera manifestazio koloretsua.
13:00 Ekitaldia eta jaigunearen irekiera Illunben.
15:30 Jaialdia Illunben:
-Kontzertuak: Belako, Rotten XIII, Esne Beltza, Su Ta Gar, Zea Mays, Liher, Doctor Deseo, Eñaut Elorrieta, Josu eta Gari (Hertzainak), Dupla, McOnak, Trikidantz, Ttek elektrotxaranga, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus…
-Txikientzako gunea Porrotxekin eta bestelako aisialdi ekintzekin.
-Jatekoa eta edatekoa txosnetan.

Sarrerak eskuratu eta informazio gehiagorako: sare.eus
Antolatzailea: Sare.