Lur Errekondok aurkezturiko "Naufragoak" lehiaketa estreinatuko du gaur ETB-k

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 27a, 08:31

Abentura reality berriko aurkezleetako bat izango da Usurbilgoa.

18 naufrago, zazpi bikote eta bakarka ariko diren beste lau lehiakide, guztiak Karibe itsasoan galduta. "Lehorrera heldu beharko dira bizirik jarraitu ahal izateko", hala diote Euskal Telebistatik. Astearte honetan, irailaren 27an estreinatuko du ETB-k "Naufragoak" izeneko abentura reality berria. Asteartero izango da ikusgai aurrerantzean, gaueko 22:30etan hasita. Usurbilekin lotura estua izango du saioak, aurkezleetako bat herrikidea baitugu; aurretik eskubaloian eta azken aldian harrijasotzaile gisa lehiatzen ari den Lur Errekondo hain zuzen, Iñigo Vicensekin batera. Bien eskutik jasoko ditugu, "Karibe itsasoan galdu ondoren, bizirauteko erronka gogorrei aurre egin beharko dieten lehiakideen gorabeherak".

Gaur bertan estreinatuko duten lehen atalean, "itsasoan galdu diren lehiakideak lehorrera heldu beharko dira bizirik jarraitu ahal izateko. Hala ere, abentura guztian zehar ezagutuko duten lehen uhartera heltzerakoan, ezusteko bat izango dute zain: lehenengo abordatzea". Hortik aurrera, Karibe aldeko bizi-baldintza gogorrei aurre egin beharko diete lehiakideek. "Karibe itsasoak paradisuzko harea zuridun hondartzak ekartzen dizkigu gogora, baina urakanez eta arriskuz beteriko itsasoa da. Ur bero eta arriskutsu hauetan kokatuta dauden zazpi uhartetan zehar, Karibean galduko diren reality berriaren protagonistek bizirauteko joko eta proba gogorrei aurre egin beharko diete".

"El Conquis" lehiaketa ezaguneko sortzaileak dira egitasmo honen sustatzaileak. Oraingo hau ordea, euskaraz eskainiko da astearte gauetan 22:30etan. Horrez gain, 15 minutuko "Naufragoak Bitakora" izeneko saio laburrak eskainiko ditu Euskal Telebistak astelehenetik asteazkenera "Biba zuek!" eta "Mihiluze" programen aurretik. Informazio gehiago hemen: https://www.eitb.eus/eu/telebista/programak/naufragoak/