Urriaren 5ean

Etxealdiaren bueltako herri egitasmoei lotutako bilera irekia

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 27a, 13:38

Eskuartean dituen eta elkar eragiten duten zenbait herri proiekturi buruzko xehetasunak eman eta proposamenak biltzeko herri bilera deitu du Usurbilgo Udalak datorren urriaren 5ean, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean.

Etxealdiaren bueltako egitasmoak hartuko dituzte ahotan; batetik auzo honetara jaisteko San Esteban kalerako Udalak landua duen egitasmoa, eta tren geltoki berria. Bi gaiok usurbildar guztiei zuzendurikoak izango dira. Potxoeneko saioa Etxealdirako Hiria Antolatzeko Plan Orokorrak (HAPO) jaso dituen proposamenak aurkezteko ere baliatuko du Udalak, baita Etxealdirako Irisgarritasun Planaz mintzatzeko ere. Bi gaiok auzotarrei zuzenduak egongo dira.

Gogoan izan, urte hasieran bildu zen udal gobernu taldea Etxealdiako bizilagunekin. Auzoak dituen beharrak identifikatzen aritu ziren, bizilekuak inguratzen dituzten kaleetatik barrena egin zuten ibilaldian. Bilkura hartan, hobetzeko zenbait alderdi nabarmendu zituzten Etxealdiako bizilagunek; aparkaleku falta, egunerokoan hainbat uneetan edota irisgarritasun arazoak auzora heltzeko, baita bizilekuetara sartzeko ere. Aldapatsua da egun Etxealdiako joan etorrietarako dauden ibilbideak eta eskilarak ere oztopo dira etxeetara sartzeko. “Bilera horretan, udalak hainbat konpromiso hartu zituen, eta horiek lantzen aritu da. Batetik, Etxealdiak dituen irisgarritasun arazo garrantzitsuenei konponbidea emango dien Irisgarritasun Plana osatzeko lanketa: udalak arkitekto enpresa bat kontratatu du, eta haiekin egindako proposamena aurkeztuko dute”, iragarri du Usurbilgo Udalak.

Geltoki berriaz
Kaxkoa Etxealdiarekin lotzen duen San Esteban kaleari dagokionean bestalde, “irisgarriago egin eta oinezkoei lehentasuna emateko exekuzio proiektua idatzita dago jada, eta udalak urtea amaitu aurretik esleitu nahi ditu lanak”, iragarri dute. Eta bada hirugarren proiektu bat beste bi hauei ere eragiten diena: tren geltoki berria. Udal gobernu taldeak udan berri eman zuen moduan, egitasmo hau gauzatzeko hitzarmena lotu dute Udalak eta Eusko Trenbide Sareak. Errekalderen antzeko geltokia eraiki asmo dute. Igogailu eta pasabideen bidez irisgarria izan eta egungo trenbideko pasagunea ezabatuko du. Trenbide gainetik igaroko baita Atalluraino luzatuko den zubi berria. “Elkar eragiten duten hiru proiektu direnez, guztiak aurkeztuko dituzte urriaren 5eko bileran. Auzotarrei eskainiko zaien bileraren bigarren zatian, gainera, epe motzean hasierako onarpena ematekoa den HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean Etxealdirako jasotako proposamenak aurkeztuko zaizkie”, gaineratu dute udal gobernu taldetik.