Kirol arloko nahiz egitasmo berriak abian jartzeko dirulaguntza deialdiak martxan

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 28a, 09:32

Usurbilgo Udalaren zenbait dirulaguntza deialdietara eskabideak aurkezteko aukera dago oraindik, ekintzaileei zuzenduriko lerroetara nahiz kirol arloko beste batera.

"2022. urtean norgehiagoka erregimenekoak ez diren kirol arloko diru-laguntzak eskatzeko deialdia" martxan du Usurbilgo Udalak. Urriaren 28ra arte eska daitezke eskabideak. Lau programa jasotzen ditu laguntza deialdi honek: laguntza bereziak, taldeetako prestakuntza teknikoak, kirolarien oinarrizko osasun miaketak eta eskolaz kanpoko kirol jardueretan partehartzeko diru-laguntzak.

Eskabideak aurkezteko bi epe finkatu zituen Usurbilgo Udalak. Lehenengoa apirilaren 29ra arte. Deialdi haren behin-betiko ebazpena kaleratua du Udalak. Eskaeretarako bigarren epe bat finkatua du Udalak irailaren 1etik urriaren 28ra. Ohi bezala, eskabideak udal erregistroan aurkeztu daitezke edota telematikoki usurbil.eus atarian.

Dirulaguntza lerro honez gain, Usurbilgo Udaletik gogorarazi dutenez, "Kiroldegiko bonu eta ikastaroen kuotetan hobariak eskuratzeko aukera ere eskaintzen du Udalak, urte guztian".



Proiektu berri bat lantzen ari direnentzat
Beste bi laguntza lerroetara eskabideak aurkezteko epea ere zabalik dago oraindik. Batetik, merkataritza lokal hutsetan jarduera ekonomiko berri bat martxan jarri nahi dutenei zuzenduriko lerroa dago, baita proiektu bat garatzeko Kabiene elkarlan gunean urtebeteko egonaldia ahalbidetzen duena ere. 

Kabieneko laguntza lerroari lotuta, maiatzaren 31ra arteko eskaeren ebazpena kaleratu zuen Usurbilgo Udalak, uztailaren 18ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Aipatu moduan ordea, irailaren 30era arte eskabideak jasotzeko epeak zabalik segiko du. Hemen bi laguntza lerroei buruzko xehetasunak:

EKINTZAILEEI ZUZENDURIKO DIRULAGUNTZA LERROAK

Hasiz Hazi Beka
Xedea:
Kabienen urtebeteko egonaldia diruz laguntzea proiektu bat garatzen ari den Beterri-Buruntzako ekintzaileari. Gehieneko zenbatekoa, 1089 euro.
Nori zuzendua:
a)    Beterri-Buruntza eskualdeko udalerriren batean (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil) erroldatuta dauden pertsonak lehentasunez.
b)    Enpresa proiektu berri bat garatzen ari diren pertsonak.             
c)    Jarduera ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda egon eta lan egiteko leku bat behar duten pertsona fisiko nahiz juridikoak.
d)    Elkarteak.
e)    Sortzaileak, arte eszenikoak, plastikoak, literatura arteak, ikus-entzunezko arte edo kulturako beste zenbait adierazpen artistiko lantzen badituzte.
Oharra: eskaeren lehen ebazpena maiatzaren 31n eta bigarrena irailaren 30ean jakinaraziko da.
Informazio gehiagorako: martxoaren 8ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.

Merkataritza lokal hutsetan jarduera ekonomiko berri bat jartzeko
Xedea:
lokalaren alokairu edo erosketa gastuak ordaintzeko laguntza.
Laguntza: gehienez  5.500 euro hasierako gastuetarako. Gehienez 300 euro hilero alokairua lehen urtean ordaintzeko, gehienez 200 euro bigarren urterako.
Zehaztasunak: lehentasuna izango dute herritarrei eskaintzen ez zaizkien zerbitzuekin lotura duten proiektuek. Baita ixtera doazen edo itxi berriak izan diren jardueren jarraipenekoak diren proiektuek.
Oharra: eskaeren lehen ebazpena maiatzaren 31n eta bigarrena irailaren 30ean jakinaraziko da.
Informazio gehiagorako: martxoaren 8ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.