Euriagatik abisu horian ostegunean egun osoz

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 28a, 08:05

Bi abisu hori izango dira indarrean ostegunean; biak euriagatik. Bat, "prezipitazio iraunkorragatik", bestea "prezipitazio handiagatik".

Gogotik egingo du euria ostegunean, irailaren 29an, hala dio behintzat Euskalmet meteorologia agentziaren iragarpenak. Abisu horian izango gara egun osoz, prezipitazio iraunkorragatik eta prezipitazio handiagatik; abisu hori bikoitza beraz. Prezipitazio iraunkorrari lotutako abisuari dagokionez, "Kantauri isurialdeko zenbait tokitan 24 ordutan 60-80 l/m² baino gehiago pila daitezke, bereziki kostaldean eta kostaldetik hurbil dauden tokietan. Euri kopuru handiena egunaren lehen partean pilatuko da. Euri ertaina egingo du, ugaria eta iraunkorra, bereziki kostaldean eta kostaldetik hurbil dauden tokietan. Zaparradak zenbait lekutan handiak eta trumoitsuak izan daitezke, bereziki kostaldean eta kostaldetik hurbil dauden tokietan".

Egunaren lehen zatian, gaur gauerditik ostegun eguerdira prezipitazio handiagatik ere abisu horian izango da indarrean. "Kantauri isurialdeko zenbait lekutan ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daitezke, bereziki kostaldean eta kostaldetik hurbil dauden tokietan. Zaparrada ertainak botako ditu eta Kantauri isurialdeko zenbait lekutan handiak eta trumoitsuak izan daitezke, bereziki kostaldean eta kostaldetik hurbil dauden tokietan".

Giro honetan, gaur, irailak 28, Usurbilen, "zerua oso hodeitsu egongo da eta noizbehinka euria egingo du. Mendebal/ipar-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez". Abisu horian egongo garen osteguna "goibel eta oso euritsu" esnatuko ziagu Euskalmet-en arabera. "Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira, maximoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira".

Ostiralean atertzera joko du. "Egunaren hasieran zerua hodeitsu egongo da eta euria egingo du. Arratsaldean atertuz joango da eta ostarteak zabalduko dira. Mendebal/ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da; azken orduetan hego-mendebaldera aldatuz joango da. Tenperatura minimoak gutxi jaitsiko dira, maximoetan aldaketarik ez edo gutxi igoko dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus