Bi ezbehar ordu-erdiko tartean

Noaua Aldizkaria 2022ko irailaren 28a

Biak ala biak N-634 errepidean jazo dira asteazken arratsalde honetan.

Beste egun korapilatsu bat errepidean. Bi ezbehar izan dira asteazken arratsalde honetan, irailaren 29an, Usurbil alderik alde zeharkatzen duen N-634 errepidean. Biak ordu erdiko tartean gertatu dira, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Saila berri ematen ari denez. 0. kilometroan, Usurbil alderantz "errepide-irteera" bat izan du ibilgailu batek. Ordu erdi lehenago, errepide bereko 6. kilometroan, beste errepide-irteera bat egon da. Azken orduotako euri zaparradek ez zituzten erraztuko errepideetako joan-etorriak. Gogoan izan, ostegunean egun osoz abisu horian izango gara euriagatik.

Errei bat itxita
Bestalde adi, errepide horretan bertan, lanetan ari dira berriz, Troia-Txikierdi artean. Errei bat itxita egongo da, abenduaren 22ra arte gutxienez. Semaforo batek kudeatuko du ibilgailuen joan-etorria Gipuzkoako Foru Aldunditik ohartarazi dutenez. Auto gehien ibili daitekeen uneetan, langileek kudeatuko dute trafikoa. 

"77 metroko luzera eta 4 metroko altuera duen horma sendotzeko, hormigoizko zapata bat erabiliko da, eta 25 zentimetroko lodieran proiektatutako hormigoizko geruza bikoitz bat jarriko da, 2,50 metroko diametroko 25 mm-ko hiru buloi-ilararekin ainguratuta", azaldu dute Gipuzkoako Foru Aldunditik.

Segidan duzue, lanak egingo dituzten eremu zehatzaren irudia eta honenbestez, errei bat itxita izango duen bide-zatia: