Udalbatzarra

Hurrengo udalbatzarra, Txirikordaren bueltakoa

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 29a, 10:57

Ugartondon kokatuko den belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioari buruzko hainbat urrats ematekoa da Usurbilgo Udala datozen hilabeteotan. 

Iraileko azken osteguna gaur, denetariko gaiak hizpide izango dituen osoko bilkura udaletxean. Hurrengora, urrikora begira ere bada ordea udal gobernu taldea. Dagoeneko gai zehatz bat ahotan hartuko dutela iragarri zuten aurreko asteburuan, Potxoenean ospatu ziren Txirikorda jardunaldien baitan. Ugartondoko urbanizazio berrian eraikitzen ari diren belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa bera. Udal jabetzakoa izango den eremu berri honen erabilera arautuko duen ordenantza hasieraz onartzekoak dira. Bertan zehaztu asmo dituzte, sarrera-baldintzak eta esleipen prozedura. 

Emantzipazio beharrean diren 18-30 urte arteko gazteak eta bakardade egoeran egon edota etxean irisgarritasun arazoak dituzten 65 urtetik gorako herritarrak elkarbiziko dira, datorren urterako prest egongo den eraikinean.

Ordura arte hainbat urrats ematekoa da Usurbilgo Udala. Iragan asteburuko jardunaldietan Usurbilgo Udaleko alkate Agurtzane Solaberrietak Txirikorda jardunaldietan azaldutako hauek:

TXIRIKORDA BELAUNALDIARTEKO ETXEBIZITZA KOMUNITARIOA
Datozen urratsak:
-Txirikorda egitasmoarekiko interesa izan dezaketenei zuzenduriko galdetegia usurbil.eus/txirikorda atarian.
-2022ko urria: Txirikordaren erabilera arautuko duen ordenantzaren onarpena. Sarrera-baldintzak eta esleipen prozedura zehaztuko ditu.
-Azaroak 19: Zaintza Azoka, Txirikordak bere tokia izango du azoka honetan. Egun horren bueltan, eraikina barrutik ezagutzeko aukera eskaini nahi du Udalak.
-Behin betiko onartu ostean, datorren urte hasieran etxeak esleitzeko prozeduraren hasiera.
-Etxeak esleituta, Txirikordako komunitatea eraikitzeko lanketa: barne-funtzionamendua eta kudeaketa adostea. Gaiok arautzeko ordenantza onartuko du Udalak.


Nori zuzendua: etxejabeak ez diren 18-30 urte arteko gazteei eta 65 urtetik gorako helduei.
Helburuak: gazteen emantzipazio beharrei eta adinekoen bakardade edota etxebizitzako irisgarritasun arazoei aurre egitea.
Kokagunea: Ugartondoko urbanizazio berria, Ugarte baserriaren ondoan.
Etxebizitza kopurua: 16. Kolektibo bakoitzarentzat zortzina etxe. "Kolektiboren batean ordezkariek ez balego, 2-3 etxebizitza erreserban utziko lirateke. Itxaron zerrenda osatuko da etorkizuneko bajak betetzeko".
Etxebizitzen ezaugarriak:
-Logela bakarreko 10 etxebizitza eta biko beste sei.
-Etxebizitza bakoitzak egongela, sukaldea, komuna, logela(k) eta terraza ditu. Baita espazio komunak ere: terraza teilatuan, portxea sarreran, garbigailuak, biltegiak, sukaldea, jantokia, egongela, liburutegia eta erabilera anitzeko gela.
Elkarbizitza:
-Espazio autogestionatua izango da: bakoitzak bere etxe pribatua izango du, baina aldi berean, espazio komunak partekatuko ditu gainerako bizilagunekin.
-Komunitateak ezarriko ditu espazio partekatuak zeintzuk diren, baita "garbiketa txandak, erabilpenak eta ordutegiak".
-Norbanakoen eta kolektiboaren kontsumoak bereizi egingo dira. Erosketak, harpidetzak zein ondasun kolektiboen kontsumo adostuak sustatuko dira.
Esleipena:
-2 urte baino gehiagoz Usurbilen erroldatua egotea. 
-Eskaera norbanako moduan edo bizi nahi duten pertsonekin batera bideratu ahalko da, "betiere guztiek baldintzak betetzen badituzte". Logela bat edo bi behar diren zehaztu beharko da. 
-Eskatzaileek Udalak eskainitako formakuntzan eta prestaketan parte hartu beharko dute.
-Gazteen kasuan: zozketa bidez esleituko dira etxebizitzak gehienez 5 urterako.
-Helduen kasuan: gizarte zerbitzuek eskatzaileen beharrak neurtzeko baremazioa egingo dute. 5 urtekoa izango da etxebizitzen esleipena, baina luzagarria, "etxea esleitu uneko egoerak bere horretan jarraitzen badu".
-Errenta diru-sarrera guztien %15 izango da, hilero 90 euroko gutxienekoa ezarrita.
-Etxea jabetzen duten helduen kasuan, "kontratua sinatzen denetik urte bateko epean, etxebizitza hori hutsik ez dagoen konpromisoa hartuko dute".
Txirikordan bizitzeko konpromisoak:
-Komunitatean bizitzea: bestearekiko errespetua, parte-hartzea eta komunitateak banaka zein taldean egiteko adostutako lanak egiteko konpromisoa, astean ordu batzuk komunitateari eskaintzea.
-Energia berriztagarrien zein bertako kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egiten du.
-Txirikordak Usurbilgo bizitza publikoan eragile aktibo izan nahi du: "beraz, barruko zein kanpoko jarduerak bultzatuko ditu".
Obren amaiera: 2023. urte hasiera.
Informazio gehiagorako: usurbil.eus/txirikorda / 943 371 951.
Iturria: Usurbilgo Udala.