Astebururako bi plan, Udarregi Ikastolatik

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 30a, 08:26

Asteburua ate joka dugun honetan, bi hitzorduetara gonbidatu gaituzte Udarregi Ikastolakoek. Batetik, larunbat honetan, urriaren lehenean, auzolan deialdia baso-eskolan, eta igandean Ibarran ospatuko den Kilometroak jaialdira joateko deia.

Auzolana baso-eskolan
Baso-eskolan biltzeko deia egin du Udarregi Ikastolak larunbat honetarako, urriaren 1ean. "Eremua prestatzeko gurasoen laguntza behar dugu!", adierazi dute. Auzolanerako deia egin dute; goizeko 9:00etan finkatu dute biltzeko hitzordua Mahaspildegiko aparkalekuan. "Animatu!", luzatu dute gonbita ikastolatik.

Kilometroak Ibarran
"Igandean denok Ibarrara!", hortxe urriaren 2rako Udarregitik egin duten deia. Gipuzkoako ikastolen aldeko festa ospatuko dute Tolosaldeako udalerri honetan. Urtean zehar bideratu duten dinamikatik jasotako laguntzarekin Uzturpe ikastolako kanpo espazioa eraberrituko dute.

Azken urteotan abiaturiko jai-ereduaren eraldaketaren bidetik, lau alor egokituko dituzte igandean Ibarran; sormenari eskainitako eremua, Haurren Hiria, euskal musikaren ibilbidea eta gastronomia.