Udalbatzarra

2022ko ordenantza fiskalen hobarietan 150 eskaera eta 115 onuradun

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 30a, 10:27

Halere, askoz herritar gehiago izan daitezke hobarion onuradunak.

Iaz, urte garai honetan onartu zituen Usurbilgo Udalak hasieraz, 2022rako ordenantza fiskalak. 2023rako ostegun honetako udalbatzarrean behin-behinean onartu moduan, duela urtebete ere %1,5 igotzea erabaki zituzten, aurtengo zerga, tasa eta prezio publikoak. Aldaketa esanguratsu batekin; hobarien eskaintza nabarmen zabalduta. %50-%90 arteko hobariak eskura ditzakete herritarrek, "ur, hondakin, estolderia, hileta, baratzen erabilera eta kirol instalazio (abonuez gain, lehen aldiz ikastaroetan), Haur Eskola zerbitzuetan eta Udajolasen".

Urte hasieratik zabalik dago hobariok eskatzeko aukera. Udal gobernu taldeak ostegun honetako, irailaren 29ko osoko bilkuran emandako azken datuen arabera, abuztura arte 150 eskaera bideratu dituzte herritarrek. "Haietatik 115 usurbildar onuradunak" izan dira.

Baina izatez onuradunak gehiago izan daitezke; udal gobernu taldeak 2020ko errenta aitorpenaren kanpainako informazioan oinarrituta duela urtebete ezagutzera emandako datuen arabera, neurri txikiago edo handiagoan 4.000tik gora herritarrek jaso ditzakete hobarion onurak. "Lanean jarraituko dugu hobarion jakitun izan daitezen", adierazi zuten udal gobernu taldeak osteguneko udalbatzarrean. Hala dio baita, 2023rako hasieraz onartu dituzten ordenantza fiskalei lotutako ebazpenak. "Egoera zailetan inor atzean edo bazterrean utzi gabe, ahalegin berezia egingo da hobariak jasotzeko eskubideak eta aukerak zabaldu eta ezagutu arazteko".



 

2022rako ORDENANTZA FISKALAK
Zenbakitan
Irizpide orokorra: %1,5eko igoera (KPIaren %3ko igoeraren azpitik). 
Salbuespenak: kirol zerbitzuetako tasak eta abonuak %0,9 igotzea, Buruntzaldeko udalen batzordeak hala erabaki ostean; eta hondakinen tasak (zati finkoan urteko 8,56 euroko igoera; errefusaren bilketari eragiten dion zati aldakorra, kubo bakoitzeko 0,5 euro gehiago ordaintzea; 1,5 euro, euro bakarraren ordez).
Hobariak: %50-%90 artekoak, ur, hondakin, estolderia, hileta, baratzen erabilera eta kirol instalazio (abonuez gain, lehen aldiz ikastaroetan), Haur Eskola zerbitzuetan eta Udajolasen".

Balizko onuradunak: 2020ko errenta aitorpenaren kanpainako datuak kontuan izanda:
661 aitorpen: 12.043 diru-sarreren azpitik.
640 aitorpen: 12.043-18.931 euro arteko diru-sarrerak.
734 aitorpen: 18.931-26.093 euro arteko diru-sarrerak.
675 aitorpen: 26.093 -35.400 euro arteko diru-sarrerak.
535 aitorpen: 35.400 eurotik gorako diru-sarrerak.

Baldintza ekonomikoak beteko lituzketen aitorpenak: 2.035etik gora, eta 4.000tik gora herritar.


Bizikidetza unitatea osatzen duten lagunak Hobariak
  %90 %75 %50
1

<14.630

14.630 - 16.625

16.625 – 19.950

2

<19.152

19.152 - 21.679

21.679 – 26.068

3

<20.881

20.881 - 23.807

23.807 – 28.595

4 edo gehiago

<22.477

22.477 - 25.802

25.802 – 30.723

2022. urteko egutegi fiskala
-Urtarrilak 4-29: asteroko merkatuaren erabilpen-tasa, aurreko urteko 4. hiruhilekoa.
-Otsailak 1-martxoak 1: ura, estolderia eta hondakinak, aurreko urteko 4. hiruhilekoa.
-Martxoak 1-apirilak 15: trakzio mekanikozko ibilgailuen zerga.
-Apirilak 5-30: asteroko merkatuaren erabilpen-tasa, urteko 1. hiruhilekoa.
-Maiatzak 3-ekainak 1: ura, estolderia eta hondakinak, urteko 1. hiruhilekoa.
-Maiatzak 14-uztailak 1: ondasun higiezinen gaineko zerga.
-Uztailak 1-30: asteroko merkatuaren erabilpen-tasa, urteko 2. hiruhilekoa.
-Abuztuak 2-irailak 1: ura, estolderia eta hondakinak, urteko 2. hiruhilekoa.
-Irailak 1-urriak 1: espolian zehar ibilgailuak sartzea (badoa).
-Urriak 1-azaroak 10: ekonomi jarduera gaineko zerga.
-Urriak 1-29: asteroko merkatuaren erabilpen-tasa, urteko 3. hiruhilekoa.
-Azaroak 2-abenduak 1: ura, estolderia eta hondakinak, urteko 3. hiruhilekoa.
-Azaroak 2-30: bide publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziagatik tasa (beladoreak, kutxazain automatikoak...).
-Azaroak 2-30: emakida administratiboak.