Oroimenerako tartea, uda osteko Sareren lehen mobilizazioan

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 30a, 20:45

Uztailean zendu zen Pili Manterola Aizpurua oroitu du Usurbilgo Sarek, ostiral iluntze honetan Mikel Laboa plazan egin duten elkarretaratzean. Horrekin batera, urriaren 28rako iragarria zegoen kontzertu gaua bertan behera geratu dela ohartarazi nahi izan dute.

Udako etenaldiaren ostean plazara itzuli da euskal presoen eskubideen aldeko Sareren mobilizazioa, berri itxaropentsu batekin; "euskal presoak etxetik gero eta hurbilago daude, eta herritarrak ere prest gaude etxeratze prozesu hori gauzatzeko. Baina oraindik lana dugu egiteko", iragarri dute Usurbilgo Saretik. Zehaztu dutenez, "urruntze-politikarekin amaitu eta salbuespen-egoerari bukaera emateko bidea egiteke dugula gogorarazi nahi dugu".

Halere, azken urteotan eman diren urratsak nabarmendu dituzte. "Azken urteetan izandako lorpenak oso garrantzitsuak dira, eta hauek urte luzeetan urruntze politikaren amaiera eskatu dugun herritarren, eragileen, alderdi eta sindikatuen bultzadari esker lortu dira".

Besteak beste, 70 urtetik gorako Jon Kepa Parot eta Jakes Esnal lapurtarrak baldintzapean aske geratu izana, "espetxean bakoitzak 32 urte eta erdi bete ondoren". Albiste honekiko poza agertu du Usurbilgo Sarek, Ipar Euskal Herriko gizarte zibila zoriontzearekin batera. "Sektore zabalen konpromisoari, lanari eta mobilizazio sozialari esker lortu baita bizitza osorako zigorra jaso zuten bi presoen askatasuna".

Donostiarako deia
Uda partean Euskal Herrian zehar izandako "mobilizazioen garra berarekin hasi nahi dugu ikasturte berri hau ere". Hitzordu bat ate joka; azken urteotan presoen auziari konponbidea emateko Sarek martxan izan duen "Izan Bidea" dinamika borobiltzeko urriaren 8an Donostian antolatu duten mobilizazio eguna eta jaialdia. "Etxera bidea gertu! lelopean, Sarek egun osorako egitaraua antolatu du urriaren 8rako, jaiaren eta aldarrikapenaren artean. Izan Bidea ekimenaren barruan 3.127.326 kilometro egiteko erronkaren amaierarekin hasiko da eguna. Ondoren manifestazio koloretsua gauzatuko da eta jarraian, Illunben, jaialdia", zehaztu du Usurbilgo Sarek, parte hartzeko gonbita luzatzearekin batera. "Urriaren 8an parte hartzeko deia luzatu nahi diogu herritarrei, goizean zehar mobilizazioan aldarrikatuz eta arratsaldean Illunbeko jaialdiaz gozatuz". 

Urriaren 28ko kontzertu gaua bertan behera
Urriaren 8koaren ondotik, hilaren 28rako Usurbilen kontzertu gaua antolatzekotan zen Sare, Ameba, Unidad Alavesa eta Delirium Tremens taldeekin. Aipatu herri bilgunetik jakinarazi dutenez ordea, "zoritxarrez bertan behera utzi behar izan dugu". 

Pili Manterola Aizpurua gogoan
Albiste honen izenburuan jaso dugun moduan, oroimenerako tartea hartu dute Usurbilgo Sarek ostiral iluntze honetan Mikel Laboa plazan deituriko elkarretaratzean. Uztailean zendu zen Pili Manterola Aizpurua herrikidea oroitu nahi izan dute txalo artean. "Bihotz-bihotzez Usurbilgo Sareren izenean, Pili gogoratu nahi dugu". Aipatu herri bilgunetik nabarmendu duten moduan, "presoen eskubideen borrokan Usurbilen eredu izan da, presoentzat sostengu". "Besarkadarik beroena" helarazi nahi izan die Usurbilgo Sarek, mobilizazioan bertan ziren Piliren senide eta lagunei. 

SAREREN DATOZEN DEIALDIAK
Urriak 8, larunbata
Donostian:
11:00 Bulebarretik, #IzanBidea dinamikaren azken kilometroak.
12:00 Pio XII-tik Illunbera manifestazio koloretsua.
13:00 Ekitaldia eta jaigunearen irekiera Illunben.
15:30 Jaialdia Illunben:
-Kontzertuak: Belako, Rotten XIII, Esne Beltza, Su Ta Gar, Zea Mays, Liher, Doctor Deseo, Eñaut Elorrieta, Josu eta Gari (Hertzainak), Dupla, McOnak, Trikidantz, Ttek elektrotxaranga, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus…
-Txikientzako gunea Porrotxekin eta bestelako aisialdi ekintzekin.
-Jatekoa eta edatekoa txosnetan.

Urriak 28, ostirala
20:00 Elkarretaratzea Mikel Laboa plazan. Egun honetarako iragarria zegoen kontzertu gaua BERTAN BEHERA geratu da.

Deitzailea: Sare.