Udalbatzarra

Herri egitasmoetara bideraturiko hiru erabaki

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 30a, 10:10

Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioaren "exekuzio obra kontratua" aldatzea, inbertsioak finantzatzeko milioi bat euroko mailegu kontratua onartzea eta Herritarrek Parte Hartzeko Programa Berrikusiari ere baiezkoa ematea erabaki zuten osteguneko udalbatzarrean.

Inbertsioak finantzatzeko milioi bat euroko mailegu kontratua
"2022ko ekitaldiko inbertsioak finantzatzeko milioi  bat euroko kreditu eragiketa ageri da udalbatzak onartutako aurrekontuan", dio Usurbilgo Udalak. Mailegua kontratatzeko herrian bulegoren bat duten hiru finantza entitateei eskaintza eskatu zien Usurbilgo Udalak. Haietako bat aukeratu behar zuten. Haietatik bik eskaintza bera egin zuten, ez zegoen desberdintasunik. Hirugarrenak bai, ordea, interes-tasa baxuagoa eskaintzen zuen, %0,34koa. Beste biek %0,41ekoa. Kutxabank-en mailegu kontratua aho batez onartzea erabaki zuen udalbatzak, irailaren 29ko osoko bilkuran.

Herritarrek Parte Hartzeko Programa
Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren (HAPO) baitan, "Herritarrek Parte Hartzeko Programa Berrikusia" onartzea erabaki zuen udalbatzak gehiengo osoz, irailaren 29ko osoko bilkuran, EHBildu eta PSE-ren aldeko bozkekin. EAJ abstenitu zen. Aipatu programa berrikusia idatzi du Udalak, HAPO-a berrikusteko Udalak berak 2014an hasitako "Usurbil, oraina da geroa" herritarren parte hartze prozesuaren ondotik, "burutu diren parte-hartzeen kopurua eta prozesu horietan landutako lurralde eremuak hasierako programan jasotakoak baino gehiago" izan direlako. Gainera, antza, programa bera idatzi zuten garaian ez zuten buletinean argitaratu beharrezkoa ez zelako, orain ordea, 2020ko dekretu batek hala egitea derrigortzen du. Onarpena, "segurtasun juridikoagatik" izan da, udal gobernu taldetik nabarmendu zutenez. Programa hau behin betiko onartu aurreko tarte honetan, gizarteratu asmo dutela berri eman zuten udal gobernu taldetik.

Txirikorda
Ugartondoko urbanizazio berrian eraikitzen ari diren belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioari lotutako "exekuzio obra kontratua" aldatzea aho batez onartu zuten osteguneko udalbatzarrean, "obra gehigarriak eta funtsezkoak ez diren aldaketak txertatzeko". Dirutan, "aldaketaren kopurua 29.739,41 eurokoa da, hau da, esleipen prezioarekiko aldaketa %1,52koa da". Ondorioz eraikitze lanez arduratzen ari den Construcciones Murias S.A. enpresak " kontratuaren bermea 1.486,97 eurotan handitu behar duela zehaztea, eta horretarako erabaki honen jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita 15 egun balioduneko epea ematea" erabaki dute.