Etumeta AEK euskaltegiak 2022-23 ikasturtea abiatuko duen astelehen honetan, urriaren 3an heldu da aurreko ikasturtean euskara ikasten aritu zirenen artean Usurbilgo Udalari dirulaguntza eskatu ziotenei zuzenduriko ebazpena. Iragan irailaren 26an Dirulaguntza Batzorde Orokorrak ebatzitakoa hain zuzen. Guztira 50 eskabide aurkeztu zituzten 49 herritarrek, Udalak tramitaziorako finkaturiko epearen baitan, ekainaren 27tik uztailaren 8ra. Guztira, 21.136,14 euro banatu asmo ditu Udalak laguntzon bidez.
Behin-behineko ebazpena da honakoa. Interesdunek alegazioak aurkezteko 10 eguneko epea izango dute urriaren 4tik 18ra. Alegaziorik ez bada, behin betiko onartuko dute ebazpena.
Informazio gehiagorako: 2022ko urriaren 3ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.
Euskara doan ikasi daiteke
Gogoan izan, euskara doan ikasi daiteke Usurbilen. Matrikula kostuaren %100a finantzatzen du Udalak, 600 euroko mugaren baitan. Horretarako zenbait baldintza bete behar izaten ditu euskara ikastaroren bat egin duenak; besteak beste, Usurbilen erroldatua egotea, ikastaro osoan gutxienez %80ko asistentzia izatea (autoikaskuntzaren kasuan aprobetxamendua ziurtatzea). Gutxieneko aprobetxamendua gainditzea, euskaltegiak egindako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharrekoa. Lehenbizi ikastaroa egin behar izaten da, eta hura amaituta, ekaina amaieran zabaldu ohi du Udalak dirulaguntzotara eskabideak aurkezteko epea.
Etumeta AEK euskaltegia
Ohi bezala euskara ikasteko maila guztiak (A1, A2, B1, B2, C1, C2) eskainiko ditu AEK-k, gaur abiatuko duen ikasturte berrian. Aurrez aurreko eskolak eta jarraipen pertsonalizatuak (tutoretzak), azterketa ofizialk prestatzeko ikastaroak, autoikaskuntza, mintzamena lantzeko ikastaroak astean bi egunez... Eskaintza zabala aurten ere. Informazio gehiago:
Nagusia, 43
607 609 379
usurbil@aek.eus
aek.eus
muntteri.blogspot.com.es