Itzuleren urtea izaten ari den honetan, agurreko geltokian da festen denboraldia, baina azken ospakizun egunak bizitzeko gogotsu. Begira bestela Aginagako San Praixkuei. Lehen asteburuko ospakizunen ondotik urriaren 4an, 7an eta 8an emango diete segida jaiei. Hitzorduokin ekin diogu kultur uzta oparoa dakarren urriari. Aginagakoez gain, izango baita zer ikusi eta entzuna, baita zer ospatua ere hurrengo asteotan.
Estreinakoz, Usurbil Kirol Elkarteak eta Usurbil F.T.-k, herriko eskubaloi eta futbol taldeen bilgune diren bi klubek Garagardo Azoka antolatu dute urriaren 13tik 16ra. Jan-edanak, musikak eta bestelako sorpresek girotuko dute azoka lau egunez, elkarteon arteko hartuemanak sendotu eta laguntza biltzeko.
Azoka egunotako batean aurkeztuko du Usurbilgo Udalak herri eragile anitzekin batera eta sustapen lanetan jardun duen Jon Maia Soriak, etorkizuneko herri proiektu estrategikoetako bat; "650 Usurbil bizi, beste mundu bat posible da" turismo eredu berria. Azken urte eta erdian egindako lan prozesuaren emaitza hain zuzen. Aurkezpena, urriaren 14an 18:00etan Mikel Laboa plazan.
Zikloa Sutegin eta film proiekzioak
Handik hurbil, Sutegin, ekitaldi zikloa iragarri dute Liburutegien Egunaren bueltan; aurtengoan, Lur Korta ipuin kontalaria, 20. Gaztelerazko Solasaldia eta Pello Añorga gonbidatuen artean. Udal liburutegiak gainera bat egin du baita urriaren 22an kultur-etxeko auditorioan ospatuko den Booktegi egitasmoaren bosgarren urtemuga jaialdiarekin. Euskarazko literatura digitalki herritarron esku jartzen diharduen proiektua, iaz Usurbilen bertan osaturiko kultur elkartea sustatzen ari da. 40tik gora sortzailerekin ospatuko da beraz udalerri honetan, NOAUA! K.E. ere bidelagun izango duen bosgarren urtemuga jaialdia.
Zenbakiak izenburuan bilduak dituzten bi film proiekzio ere bai asteotan; "Bost Teilatu", bost film emanaldiz osaturiko Leire Egañak zuzenduriko saioa urriaren 21ean Zubietan. Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak" egitasmoaren baitan landutako ikus-entzunezkoa duzue honako hau. Euskarazko sorkuntza sustatzea xede duen proiektu honen baitan sortutako "Harri minak" antzezlana ere programatu du baita Udalak urriaren 30ean Sutegin. Astebete lehenago, NOAUA! K.E.-ren eskutik, "918 gau" Arantza Santestebanek 918 gauez giltzapetuta bizitakoa jasotzen duen lanaren proiekzioa.
Euskaraldirako girotzen
Ahobizi, Belarriprest eta entitateen partehartzea sustatuko duen 3. Euskaraldia bidean datorkigu. Izen-ematea zabalik da jada. Girotzen hasteko, Usurbilgo euskararen kale-erabilera datuen aurkezpena iragarri dute urriaren 18an.
Baxurde Krossa eta Buruntzaldeko Ibilbideen Eguna
Hilabetea izerdi patsetan amaitzeko bi hitzordu; 2019az geroztik ospatzerik izan ez den 13. Baxurde Krossa bueltan izango dugu urriaren 23an. Gogoan izan, izen-emateak zabalik segitzen duela kronoak.com atarian, bai 10,9 kilometroko ibilbidea osatu nahi duten helduentzat, baita Umeen Krossean partehartu nahi duten 2007-14 urte artean jaiotakoentzat ere. Astebete lehenago, urriaren 16an eskualdeak duen landa-ingurune aberatsaz eta paisaia ederretan barrena tipi-tapa sakonago ezagutzeko aukera. Buruntzaldeko Ibilbideen 14. Eguna ospatuko da.
Kontzertu gaua, bertan behera
Hilabetea ohi bezala, Sareren hileko azken ostiraleko mobilizazioarekin borobilduko dugu Usurbilen. Oraingoan, izatez, elkarretaratzearekin batera Ameba, Unidad Alavesa eta Delirium Tremens taldeen kontzertu gaua antolatzekotan ziren, baina iragan ostiraleko Mikel Laboa plazako mobilizazioan berri eman zutenez, bertan behera utzi behar izan dute hitzordua.