"Ongizate-sistema indartsua izatearen garrantzia" defendatzen dute Gipuzkoako Pentsiodunak eta Gipuzkoako Senideak bilguneek urriaren 1eko Adinekoen Nazioarteko Egunaren harira kaleratu duten ondoko adierazpenean. "Publiko guztiaren defentsa egiten dugu. Pertsona erdigunean jartzea".
Urriaren 1a, Adinekoen Nazioarteko Eguna
Urriaren 1ean Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Egun horretan, batetik, adineko pertsonen diskriminazioaren aurka kontzientziatu nahi da, eta, bestetik, haiek munduko giza garapenari eta garapen ekonomikoari egiten dioten ekarpen garrantzitsua onartu. Halaber, munduko zahartze demografikoari lotutako aukerak eta erronkak azpimarratu behar dira.
Ongizate-sistema indartsua izatearen garrantzia defendatzen dugu; izan ere, osasungintza onik gabe, egoitza onik gabe, mendekotasunari zerbitzu onik eman gabe, babesgabe gaude, eta, bereziki, adineko pertsonok.
Pandemiak eta haren ondorioek gizarte-ongizateko erakunde publiko sendoen garrantziaren inguruan begiak zabaldu dizkigute, eta enpresa pribatuak ez dira, inoiz, ordezkatzeko gai izango; alde horretatik, egungo eta etorkizuneko pentsiodunei bizimodu duina bermatuko dien Pentsio Publikoen Sistema bat bermatzea eskatzen dugu.
Gaur egun, ehunka mila adinekok ezin dute hilabete bukaerara iritsi, alokairua, argia, gasa eta abar ordaindu. Beraz, eskatzen dugu 1080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea 14 ordainsaritan, inflazioaren arabera eguneratuta, alarguntza-pentsioa %100, eta genero-aldea ezabatzea.
Erakundeek beharrezko giza baliabideak eta baliabide material dituen Osasun Publikoa bermatu behar dute, adinekoengan hain beharrezkoa den osasun-arreta publiko duina bermatzeko. Hori dela eta, ez ditugu murrizketak onartzen, ez Osakidetzan, ez Osasunbidean.
Ildo horretatik, publiko guztiaren defentsa egiten dugu. Pertsona erdigunean jartzea. Horregatik, administrazioei exijitzen diegu, elkarrizketaren eta gizarte-eragileen parte-hartzearen bidez, zainketa publikoen eredu hurbila, duina eta kalitatezkoa birpentsatzeko eta laguntza soziosanitarioa jasotzeko eskubide unibertsala eta subjektiboa betearazteko baliabide material, ekonomiko eta giza baliabide nahikoak emateko.
Adinekoen kolektiboan berdintasun-politikak aktibatzea eskatzen dugu. Pentsioek, soldatetan eta pentsioetan genero-arrakala kentzeak, osasunak eta zaintzek lehentasunezko zeregina dute adinekoen osasuna eta ongizatea babesteko.
Azkenik, adineko zaurgarrienei elkartasuna adierazten diegu, eta gure giza eskubideei erantzutea eta bizitza duina gure bizitzaren amaierara arte bermatzea eskatzen dugu.
Gipuzkoako Pentsiodunak
Gipuzkoako Senideak