Usurbilgo Garagardo Azoka

"Harremanak sendotu nahian sortu dugu Garagardo Azoka hau"

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 5a, 13:13

Usurbil F.T.-k eta Usurbil K.E.-k Garagardo Azoka antolatu dute estreinakoz urriaren 13tik 16ra. Bi kluben arteko lankidetzan sakondu eta bi bilguneontzako laguntza biltzea dute xede nagusi, Usurbil K.E.-ko zuzendaritza batzordeko kide Xabat Beloki Segurolak eta Usurbil F.T.-ko Futbol Eskolako koordinatzaile Eneko Eizagirre Huetak lerrootan NOAUA!ri adierazi diotenez.

Nolatan batu zarete azoka hau antolatzeko?
Eneko Eizagirre Hueta: Azkeneko urteetan bi klubon artean gerturatzeko saiakerak egon dira. Kirol Astea antolatzen hasi ginen Aste Santutan, denboraldi amaierako kluben afaria batera egiten... Ekimen handiagoak antolatu eta harremanak sendotu nahian sortu dugu Garagardo Azoka hau.

Harremana estutzeak zer ekarpen egingo lioke bi klubei?
E.E.H.:
Bi klubik handienak elkarlanean jardunez askoz aberatsagoa izango da herriarentzat. Bien arteko elkarlanak bioi mesede egiten digu.

Ondo girotutako azoka izango da ezta?
Xabat Beloki Segurola: Halako azoka bat antolatzen dugun lehen aldia izango da. Lan asko du honek bai aurretik, unean bertan eta baita gero ere. Jendeari inplikatzea eskatzen diogu, azokako lau egunetan goza dezatela. Usurbilgo jendeak girotutako egitarau oparoa izango dugu. Gastu handia suposatzen du hau dena antolatzeak eta horri buelta eman behar zaio. Ea irabaziren bat edo beste ateratzen dugun. Lehen urtea izanda irabaziak eskuratzea ez da gure helburu nagusia, gauzak ondo egitea eta ikasteko balio izatea baizik, urtez urte hobetzeko.

Klubentzako laguntza biltzea, helburuetako bat.
E.E.H.:
  Hainbeste jende mugiarazten duten bi klub hauek beraien jardunean jarraitzeko, azkenean oinarri ekonomiko bat behar da fitxak ordaintzeko, dena egiteko... Inguruko herrietan halako azokak antolatzen dituztela ikusita probatu beharreko zerbait zela iruditzen zitzaigun; ondo ateratzen bada, errepikatzeko. Gainera, nola ez, jende guztiak ondo pasa dezala eta gauza polit honekin ea aportatzen diogun bai herriari eta bi klubei.
X.B.S.: Eskerrak eman dirua jarri duten komertzio guztiei. Badakigu askotan zailtasun handiak egoten direla dirulaguntza hori jasotzeko. Mila aldiz eskerrik asko eman duten laguntzagatik, haiek ere azoka honen parte dira.

Laguntzarako deialdirik egin asmo duzue?
E.E.H.:
  Zerbitzatzeko, sukaldean lantzeko, muntaketarako... jendea beharko dugu. Deialdia egingo dugu, ea nola erantzuten duen herriak.
X.B.S.:  Alde horretatik oso pozik gaude, laguntza handia jasotzen ari baikara. Laguntza eskaerak ere bai. Lan egiteko jende asko dago prest; bai guraso, jokalari, zaletu... Laguntzeko prest dagoen guztia gurekin hartuemanetan jar dadila eta barrutik lagunduz, honen guztiaren parte izateko tokia izango du. Hiru azoka gau izango dira; gunea gauetan zaintzeko laguntzaileak izatea eskertuko genuke.

Nolakoa izaten ari da bi klubontzat denboraldi hasiera hau?
X.B.S.:
  Zuzendaritza batzordean geroz eta jende gazteagoa ari da sartzen. Taldeei dagokienez, bost bat ditugu: bi Gipuzkoa mailan eta hiru Euskal Ligan. Alde horretatik pozik gara. Senior nesken taldea aurten ere ez da posible izan osatzea eta hurrengo urtera arte hori izango da guretzat helburu handi bat; bertako jokalariekin senior mailan nesken taldea osatzea eta hartara sei talde izatea, mutil eta neskena; maila bakoitzean talde bat.

Bigarren urtez ezin da osatu ezta senior nesken eskubaloi taldea?
X.B.S.:
Jada bi denboraldi goaz talde hori izan gabe eta hemendik bai animatu nahi nituzke hurrengo urtean seniorrak izango diren neskak orain jubenilak direnak eskubaloian jarraitzera, eta eskubaloia utzi dutenak ere bueltatzera, senior nesken taldea osatzeko.

Atzetik badator jendea?
X.B.S.:
Bai, jubenil mailan 14 neska inguru dira eta esperantza horrekin gaude; ea hurrengo urtean pausoa eman eta talde polit bat osatzerik dagoen.

Usurbil F.T.-ren kasuan, zer nolako denboraldi hasiera bizitzen ari zarete?
E.E.H.:
Gazteon eragina ere jasan du klubak, baina beti ere atzetik zetorren zuzendaritzaren laguntzapean. Bestalde, jokalari aldetik kluba inoiz baino hobeto dago. Senior mailatik hasi eta Futbol Eskolara arte 290 bat jokalari daude, hori Usurbil mailan izugarria da. Zuzendaritzaren edo klubaren lan ona erakusten du horrek eta alde horretatik oso gustura gaude. Haranen duela 10 bat urte pentsaezina izango zen entrenamenduetan talde guztiei zelai zatitxoa uzteko ahaleginak egin beharko genituenik. Gauzak ondo egiten ari diren seinale dela iruditzen zait, ea ildo honetan jarraitzen dugun. 

Denboraldi hau osasun krisialdi osteko lehenengoa izango da. Harmailetako zaletuak berreskuratu dituzue?
X.B.S.:
Oraindik goiz da zaletu horiek bueltatuko diren edo ez ikusteko. Baina jendea gogoz ikusten da bi urte eta gero Kiroldegira edo Haranera joateko. Guretzat indar handia da partidetara joatea, gurasoez gain haur eta gazteak partidak ikustera joatea, haiek baitira etorkizuna. Beraz, badakigu bi kluben partidak ordu berean izaten direla baina ahal den moduan behintzat bai Oiardora eta Haranera gerturatzea eskertuko genuke.
E.E.H.: Kirola herrigintza da. Jolastu eta giro hori sortzetik denok elikatzen gara. Kirolaren alderdirik politena hori da, sortzen den giroa. Kirola egiten hasteko lehenik afizionatu eta partidak ikustera joan behar da, oso aberasgarria da, sortzen den giroa oso polita da. Beraz bai Oiardora eta Haranera jende gaztea gertura dadila, gure klubeko jardunaren oinarria dira. Ea aurreko denboraldi amaieran bezala, aurten ere harmailak betetzen ditugun.

Hobetu beharrekorik ikusten duzue denboraldi berrira begira?
E.E.H.:
 Klubak herriarentzat dira, herriko jendeak kirola egiteko eta herritik elikatzen dira. Izena ematen duten haurren gurasoek klubeko parte izatera, laguntzeko deialdia egin nahi diegu. Bestalde, Haranen dabilen kirolari kopurua bikoiztu egin da eta futbol zelaia ez dago baldintzarik hoberenetan. Asko eskertuko genioke Udalari hor inbertsio bat egingo balu.
X.B.S.: Gure kasuan, urtero moldaketa handiak egin behar izaten ditugu entrenamendu saioetan, espazio falta nabarmena izan da. Oiardo pista bakarrarekin dago, pista horretan sartu behar dira eskubaloikoak, Zirimara, boleiko taldea, soinketa erritmikokoak. Espazioaren erabilera oso murritza dugu, ezin ditugu nahi genituzkeen moduan egin entrenamenduak. Ez nuke eskatuko zuzenki beste pista bat egitea, badakit ekonomikoki zer den hori udalarentzat, baina bai konponbide bat behar duela gai honek.

Denboraldi berri honi begira beste erronkarik?
E.E.H.:
Joko polit bat eginez jokalariek kirolaz gozatzea eta jendea gozaraztea. Horrez gain, gure gaztetxoei transmititzen ari garen baloreak transmititzen segitzea. Ea aurtengo denboralditik hurrengora jende kopuru bera edo handiagoa dugun gure klubetan.
X.B.S.: Gure urteroko helburu nagusia, taldeetan dauden jokalariek hurrengo urtean taldeetan jarraitzea izaten da. Egia da nesken aldetik jauzi handia egon dela eta emakumezko jokalari dezente daudela aurten eta hori izaten da normalean gabezia handiena. Senior nesken kasua da adibide argienetako bat. Gure helburua, jendea gustura aritzea da, eskubaloia probatzera animatzea, geroz eta gehiago bagara hobeto. Kirol arloari dagokionean, urteroko gure helburuetakoa izaten da Euskal Ligan mantentzea eta Euskal Ligan ez dagoen talde hori liga horretara igotzea. Eta gehiago eskatuz gero, ea Espainiako sektoreren batera heltzen garen; Usurbilgo herria ordezkatuz, asteburu polit bat herritik kanpo igaro dezakegun.