Elkarlana eta elkartasuna ardatz nagusi izango dituen ospakizun betean murgilduko gara urriaren 13tik 16ra lau egunez, futbolarien eta eskubaloi taldeen bilgune diren Usurbil F.T. eta Usurbil K.E. antolatzen ari diren Garagardo Azokari esker. Bistan denez, ez da edatekorik faltako, ezta jatekorik ere. Musikaz blaituko dute ekimena, baita beste hainbat ekintzekin ere.
Aipatu moduan, lau egunez luzatuko den Garagardo Azoka Usurbilgo frontoian ospatuko da. Antolakuntzatik aurreratu dutenez, jantokia eta sukaldea izango ditu, baita ekimen ezberdinei tarte egingo dien oholtza ere. Garagardo eskaintza zabala dastatzeko moduan. Jatekoa bertan erosi eta pilotalekuan jan nahiz etxera eramateko aukera eskainiko dute. Urriaren 13an izango den irekiera ekitaldian afaria eskainiko dute, baita biharamunean hilaren 14an ere. Urriaren 15ean egun osoz egongo da zabalik eta bazkari zein afari zerbitzua eskainiko dute, urriaren 16an bazkaria. Herri osoa gonbidatu nahi dute azokara; gazte nahiz heldu.
Laguntzarako deia
Girotzen joateko, kontuan hartzeko zenbait ohar. Batetik, herriko bi kirol klubok mila errifa salgai jarriko dituzte asteotan. Kalean saltzaileren bat topatuz gero, errifok erosteko deia egin dute. Herriko kirolarien materiala zozketatu asmo dute, Garagardo Azokaren baitan. Azokan laguntzeko prest denak bestalde, bi elkarteokin hartuemanetan jartzeko deia egin dute. Laguntza biltzeko lan betean dira asteotan; herrian jarduera ekonomikoren bat dutenak ekarpenak egitera animatzen dituzte.
Harremanak estutzeko
Garagardo Azokaren antolakuntzak harremanak estutzen segitzen duten Usurbil K.E.-k eta Usurbil F.T.-k antolatu dute. Jendetsua eta ederra izan zen afari bateratu batekin eman zioten amaiera iragan 2021-22 kirol denboraldiari, goraino bete zuten frontoian. Eremu berean elkartuko dira laster berriz, eskualdaketa eta trantsizio betean diren bi klubak. Horixe dute helburuetako bat; lankidetza sustatzea eta azokaren bidez, bi kirol elkarteontzat laguntza biltzea.
USURBILGO GARAGARDO AZOKA
Urriak 13, osteguna
18:30 Azokaren irekiera.
Urriak 14, ostirala
18:00 Azokaren irekiera.
19:00 Musikari-kirolari ekitaldia: eskubaloi zein futbol taldeetako musikariak.
23:00 DJ Skywalker.
Urriak 15, larunbata
12:00 Azokaren irekiera.
18:00 Maddi eta Elene.
20:00 Zozketako zenbaki sarituen banaketa.
22:00 Dj RR
Urriak 16, igandea
12:00 Azokaren irekiera.
16:00 Usurbilgo Garagardo Azokako 1. Mus Txapelketa:
-Izen-ematea: 15:30-16:00.
-Prezioa: 30 euro bikoteko (2 pitxar eta 2 garagardo berezi barne).
-Sariak:
1. saria: txapelak, irabazlearen altuera garagardo kaxetan, urdaiazpiko bat.
2 . saria: kopak, Patri jatetxean bi pertsonentzat asteburuko bazkaria edo afaria.
3. saria: 2 ukondo, Aialde Berriko sagardoa.
4. saria: 2 garagardo berezi.
20:00 Azokaren itxiera.
Oharrak:
-Otorduen ordutegia: bazkariak 13:00-15:00 artean eta afariak 20:00-23:00 artean.
-Urriaren 13an afaria eskainiko dute, urriaren 14ean eta 15ean bazkaria eta afaria eta urriaren 16an bazkaria.
-Jatekoa azokan bertan jan edota eramateko eskatu ahalko da.
Antolatzaileak: Usurbil K.E. eta Usurbil F.T.