Udalbatzarra

2023ko ordenantza fiskalak, erreklamazio epean

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 6a, 12:14

Udalbatzak iragan astean hasieraz onarturiko datorren urterako ordenantza fiskalak jendaurrean jarriko ditu hilabetez Usurbilgo Udalak.

Hala iragarri du Udalak berak, ostegun honetako, urriaren 6ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu duen iragarkian. Bihartik, hilaren 7tik aurrera, 30 lanegunez erreklamazioak egiteko epea egongo da. Tarte honetan halakorik egongo ez balitz, behin betiko onartutzat joko dira 2023rako ordenantza fiskalak.

%1,5eko igoera
Ez izoztea, baina ezta %10aren bueltan dabilen KPI-a aplikatzea ere. Tarteko bidearen aldeko apustua egitea proposatu du udal gobernu taldeak 2023a begira. Urte berrirako zerga, tasa eta prezio publikoak "KPIaren oso azpitik igotzea" hain zuzen; %1,5-a, irailaren 29ko udalbatzarrean EHBilduk berri eman zuenez. Hasieraz onartu zituzten gehiengo osoz udal gobernu taldearen babesarekin. EAJ abstenitu zen, PSE-k aurka bozkatu zuen. 

Bi salbuespen
Tarteko bide honen aldeko apustua egin du udal gobernu taldeak aipatu moduan, Udalari ere bete-betean eragin dion neurrigabeko prezioen gorakada tarteko, udalaren oreka ekonomikoa eta herritarrei eskaini beharreko zerbitzu publikoen kalitatea bermatze aldera. %1,5eko igoeratik kanpo geratzen diren bi salbuespen. Batetik, Buruntzaldeako lau udalek (Usurbilgoarekin batera, Andoain, Lasarte-Oria eta Urnietakoak) urtero adosten dituzten kirol zerbitzuetako prezioak eta abonuak. Kasuotan, %2ko igoera aplikatuko dute. Bigarren salbuespenak ur-hornidurari lotutako hiru tasei eragingo diete. Iaz, akats tekniko batengatik aurten %1,5eko igoera aplikatu beharrean %3ko igoera aplikatzea erabaki zuten. 2023ra begira beraz, %1,5eko igoera aplikatu beharrean, hiru tasa hauek izoztea erabaki du udal gobernu taldeak. 

%1,5eko igoera orokorraren harira, Udaletik ohartarazi dutenez, "egoera zailetan inor atzean edo bazterrean utzi gabe, ahalegin berezia egingo da hobariak jasotzeko eskubideak eta aukerak zabaldu eta ezagutu arazteko".

Atzera begirakoa
Amaitzear duten 2019-23 legealdi honetan zehar, ordenantza fiskalei lotuta aurrez hartu izan diren erabakien errepasoa egin zuen udal gobernu taldeak iragan asteko udalbatzarrean. Legealdi hasieran, duela hiru urte, 2020ra begira zuhurtzia printzipioa aplikatu eta urte hartako KPI-aren igoera aplikatzea erabaki zuten. Urtebete beranduago, osasun krisialdi betean ginela, ordenantza fiskalak izoztu zituzten, zergen ordainketa atzeratzeko aukera eskaini eta erabiltzen ez ziren zerbitzuengatik ez kobratzea erabakitzearekin batera.

Iaz, aurtengora begira, %1,5eko igoera planteatu zuten, %3an zen KPI-aren azpitik, baina herritarrek eskura zitzaketen hobarien eskaintza nabarmen zabaltzea erabaki zuten. "%50-%90 artekoak, ur, hondakin, estolderia, hileta, baratzen erabilera eta kirol instalazio (abonuez gain, lehen aldiz ikastaroetan), Haur Eskola zerbitzuetan eta Udajolasen". Iaz bezala, aurtengoan ere %1,5eko igoera planteatu dute, KPI-a egun %10aren bueltan dabilenean.

Desados
EAJ-tik, ur-hornidurari lotutako tasetan iaz izandako akatsa zuzentzeko beste modurik ez ote zen galdetu zuten. Udal kontuhartzaile Xabier Olanok erantzun zuenez, batetik, igoera horretan izandako eragin ekonomikoa txikia izan zen eta iaz, %1,5a igo beharrean %3ko gehikuntza onartu zenez, 2023ko tasa hauek izoztuta zuzenduta geratzen da akatsa. Ildo beretik mintzatu ziren udal gobernu taldetik ere. "Akatsaz inor ez da ohartu. Eragin txikia izan du. Udalbatzarrera etorri, berri eman eta akatsa konpontzeko neurriak hartu ditugu".

PSE-tik Francisco Suarez bozeramaileak 2023ko udal ordenantzei begira udal gobernu taldeak proposaturiko %1,5eko igoeraren aurka bozkatuko zuela iragarri zuen. Bere esanetan, "ez da erraza izango egungo egoera honetan kudeatzea, baina Udalak baliabide ekonomikoak ditu", bere esanetan. Foru funtsa aurreikusitakoa baino handiagoa izan daitekeela ere iragarri zuen eta urte berrirako zerga, tasa eta prezio publikoak izoztearen alde agertu zen. 

EAJ eta PSE-ren adierazpenei, diskurtso erraz eta demagogoa egitea egotzi zieten udal gobernu taldetik. Prezioen gorakada izugarriak eragindako egoera zaila dela aipatu zuten EHBildutik eta arduraz jokatzea dela udalaren oreka ekonomikoa bermatzea. Bide batez, gogorarazi zuen, ordenantza fiskal hauei aurre egiteko hobarien eskaintza nabarmen zabaltzea erabaki zutela duela urtebete, "igoerak erabat eta gehiago neutralizaturik" uzteko aukera ahalbidetzen zutenak. Baina EHBildutik oposizioko taldeei gogorarazi zietenez, "hobarien sistema hau ez zenuten babestu".

EAJ-tik duela bi urte udal gobernu taldeak tasak izoztea proposatu zuela oroitarazi zuten, eta zergatik ez erabili oraingoan "herritar guztientzat diru gerakina", EAJ-ren ustez, haien ikuspegitik egungo "egoera dezente okerragoa" denean. Orduko hartan, EHBildutik gogoratu zutenez, duela bi urte "asko etxean ziren, lanik egin ezinik".

Errazena ordenantza fiskalak izoztea eskatzea dela diote EHBildutik, baina "nori egiten diote mesede? Behar ez dutenei". Hobarien sistema nabarmen zabaltzearekin batera, "dirulaguntza sistema handi bat" du Udalak EHBildutik gogorarazi zutenez. Eta 2023ra begira %1,5aren igoera horretatik kanpo geratu den salbuespen bakarra, kirol zerbitzuen prezioak eta abonuak izan direla nabarmendu zuten udal gobernu taldetik. %2ko igoera adostu zutela Buruntzaldean, baina eskualde mailara %1,5eko igoeraren proposamena eraman zuela Usurbilgo Udalak. Aldiz, igoera handiagoak proposatu zituztela aditzera eman zuten udal gobernu taldetik, eskualdeko gainerako Udalek; PSE agintean duen Lasarteko Udalak %4,9koa, %2koa EAJ agintean duen Urnietako Udalak.