Etxealdia eta auzo honen bueltako hainbat egitasmo ahotan hartu zituen Usurbilgo Udalak asteazkenean Potxoenean deitu zuen herri bileran. Horien artean, albiste honi atxikia duzuen argazkian ikus dezakezuen lur-eremua. Etxealdia, Bizkarre eta Kale Nagusia, Kaxkoa lotzen dituena. Etorkizun ez oso hurbilean, epe luzera begira beraz, Usurbilgo Udalak bertan egitea aurreikusia duenaren berri aurkeztu zuen. Usurbilgo Hiri Antolamenduaren Plan Orokorrari (HAPO) begira proposaturikoa. HAPO-a hain zuen, hasieraz onartzeko bozketara eramatekoa da udal gobernu taldea, datorren astean deitu asmo duen ezohiko osoko bilkuran.
Etorkizuneko Usurbil marraztuko duen planeamendu horren baitan, lerrootako protagonista den albiste honen ondoko argazkian ageri den lur-eremua, Etxealdiako berdegune irisgarri eta atseginean bilakatu asmo dute, Bizkarre eta Kaxkoarekin lotzearekin batera. Egun indarrean diren 2004ko Arau Subsidiarioen arabera, Etxealdira begira dagoen argazkiko Kale Nagusiaren zatian, etxebizitzak eraikitzea aurreikusten zuten. Bistan denez, oraindik orain ez da halako eraikuntzarik altxatu.
HAPO berrira begira, babes ofizialeko 12 etxebizitza, 4 tasatu eta salmenta libreko beste 21 eraikitzea proposatzen du Udalak lur-eremu honetan. Udal ekipamendua ere izango luke Etxealdiaren baitan txertatua geratuko litzatekeen auzune berriak. Kaxkoarekin lotura indartu eta komunikazio bide irisgarrian bilakatuko lukeen igogailu bat eraikitzea ere proposatzen du Udalak. Igogailu honen alboan Usurbilgo "Kaxko historikoaren ataria" eta begiratokia izango litzatekeena Kale Nagusi alboan, "Etxealdia eta Oria ibarrerantz begira". Eta Oriarantz doan Aranerreka, egun, lur azpitik zeharkatzen du albiste hau ilustratzen ari den argazkiko lur-eremua. Erreka bera bistaratzea, azaleratzeko aukera ere mahaigaineratu du Udalak.
Lerrootan azaldutakoa, Udalak auzokideekin batera zehazten, lantzen joan nahi duten epe luzerako proposamena da.
Irisgarritasun plana
Zirriborro fase betean da baita, Usurbilgo Udalak asteazken honetan Etxealdiako bizilagunei auzo honi begira aurkeztu dien irisgarritasun plana. Epe luzera begira Kale Nagusitik Etxealdiara jaisteko igogailua eraikitzea proposatu zuen Udalak, baina bada lehenago eraikitzea aurreikusten duten bigarren igogailu bat ere. San Esteban kalean hain zuzen. Tren-geltoki berria eraikitzekoa du Eusko Trenbide Sareak Usurbilen. Egun N-634 errepidea zeharkatzen duen zubia ordezkatuko duen pasabide berria altuago eraikiko dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskariz. Horrek noski, egun Etxealdia zeharkatzen duen San Esteban kaleko azken zatia ere kotaz igotzea eragingo du, eta beraz, Etxealdiara jaisteko aldaparekiko dagoen tartea handitzea. Bi pasabideok lotzeko egun eskilara batzuk baino ez daude. Etorkizunerako, hortxe bertan eskilarak berritzeaz gain, igogailu bat eraikitzea proposatzen du Udalak. Helburu argi batekin: "auzoa atseginagoa izatea oinezkoentzat". Auzoa eta auzorako sarbidea; horregatik berritu nahi dute baita San Esteban kalea.
Potxoeneko bilera irekian Udalak erakutsitako argazki zaharrek argi egiaztatu zuten moduan Usurbil iparraldea hegoaldearekin lotzen duen ardatzaren baitan kokatua egon da historikoki San Esteban kalea, ondare arkitektonikoaz inguratua. Kaleak izan duen eta duen balio historikoa nabarmenduta, oinezkoak lehenetsiko dituen komunikazio bidean bilakatu nahi dute San Esteban kalea. Oso lotua egongo da, ETS-k eraiki nahi duen tren-geltoki berriko lanei.
Honenbestez, Udalak Potxoeneko bileran aipatu zuenez, bi fase eta eremutan bideratu asmo dituzte kale honen berrikuntza lanak. Salbatore elizatik behera jaisteko lehen metroak berrituko dituzte lehen fasean. Bigarrenean, tren-geltoki berriko eraikuntza lanen baitan, N-634 errepidetik gertuen geratzen den eremua. Egun oinezkoentzat deserosoa eta irisgarria ez den kaleko espaloiak ezabatu nahi ditu Udalak. Oinezkoen irisgarritasun eta segurtasuna lehenetsi nahi dute. Kaxkoko beste kale batzuen antzera, "erdigune historikoko itxura emateko" galtzada-harria jarri nahi dute. Autoek bertatik sartzeko aukera izaten segiko dute bai, baina abiadura murrizteko eta oinezkoen segurtasunerako neurriak hartuko dituzte. Eta bidean, eserleku eta topaguneko puntuak kokatzea ere aurreikusten dute, auzo atseginagoa eraikitzeko bidean.
Ibilgailuentzat Etxealdian aparkalekuak bai baina kokagunea egokituta, auzune barruko kaleetan ere oinezkoak lehenesteko. Honako hauek Etxealdiarako Udalak irisgarritasun planaren baitan proposatutarikoari buruzko xehetasun batzuk baino ez dira. Zirriborro fasean dute egitasmoa, auzokideekin definitzen, lantzen segi asmo du Udalak. "Espazio publiko askorik ez dugu, beharrak asko, lehenetsi beharra. Ia denon artean proposamen on bat diseinatzen saiatzen garen", adierazi zuen auzotarrei bere esker ona adierazi zien Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak.