Tren-geltoki berriko lanak esleitzear

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 6a, 13:19

Eraikitzeko bizpahiru urte beharko diren 9 milioi euroko egitasmoari buruzko hainbat zehaztasun eskaini ditu Usurbilgo Udalak asteazken honetako Potxoeneko herri bileran. Elkar eragiten duten Etxealdiaren bueltako zenbait proiektu ere ahotan hartu dituzte, kultur-etxera joandako bizilagunekin.

"Obrak esleitzear". Hala dago udal gobernu taldetik berri eman dutenez, Eusko Trenbide Sareak (ETS) Usurbilen eraiki nahi duten tren-geltoki berriaren egitasmoa. Egitasmoari buruzko xehetasunak eskaini eta honek Etxealdian izango duen eraginaz mintzatu zen udal ordezkaritza tekniko eta politiko bat asteazken arratsaldean Potxoenean deitu zuten herri bileran. 

Gogoan izan, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde, Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak uztailaren 5ean kaleratu zuen ebazpenarekin ontzat eman zuen “Usurbilgo geltokia eraikitzeko proiektuaren eguneratzea”. Lanen lizitazioa 9.758.726,19 euroan finkatu zuen, BEZ barne. Eta obrak amaitzeko 29 hilabete beharko zirela aurreikusi ere bai. Uztailean bertan udal gobernu taldetik ETS-rekin hitzarmena itxi zutela berri eman zuten. 

Pasabide altuagoa Atalluraino
Proiektu honi buruzko hainbat eskaini zizkien Udalak asteazkenean Potxoenera joandakoei. Etxealdiaren bueltan aurreikusiak dauden egitasmoez jardun zuten hainbat auzokide bildu zituen hitzorduan. Tartean aipatu moduan, tren-geltoki berriaz. Eraikitze lanak hasiko diren unetik zenbatzen hasita, bizpahiru urte beharko dituzte lanak borobiltzeko. Tarte horretan, geltoki irisgarri bat eraiki nahi dute. “100 metro ekialderago”, Etxealdiatik hurbilago beraz, Eusko Jaurlaritzak aurreikusia duenez. Trenbideko pasabide arriskutsua ezabatuko dute. Haren gainetik egun San Esteban kaletik Etxealdian behera datorren pasabidea berrituko dute. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskariz, N-634 errepidea zeharkatzen duen zubia ordezkatuko duen pasabide berria altuago eraikiko dute Udalak Potxoenean berri eman zuenez, eta N-634 errepidea zeharkatzeaz gain, trenbide gainetik igaroko da. Atalluraino luzatuko dute. Pasabide hori estalia egongo dela berri eman du Udalak. Donostia nahiz Orio aldera trenera igo behar duenak, pasabide horretatik jaitsi beharko du; jaisteko igogailu bana izango du trenbidearen albo banatan, eskilarekin batera. Esan beharrik ez da, geltoki irisgarria izatea bermatu nahi dutela, denontzat erabilgarria izatea alegia.

"Gure eskaerak onartu dituzte"
Lanok iraun artean, behin-behineko pasabide bat egokitu asmo dutela ere gaineratu du Udalak. Potxoeneara joandako herritar batek geltoki zaharrarekin zer gertatuko zen galdetu zuen, Zarautzeko geltoki zaharrarekin gertatu denarekiko kezka agertuta. Udalak ETS-tik esan zaiena adieraziz, orain arteko eraikinak dagoen lekuan segiko duela erantzun zitzaion.

Geltoki berriari buruzko xehetasunak soilik ez, Etxealdiarako Irisgarritasun Plana, San Esteban kalea eraberritzeko egitasmoa eta hasieraz onartzear duten Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren (HAPO) baitan Etxealdiarako aurreikusitako proposamena aurkeztu zitzaien Potxoeneara joandakoei, egitasmo guztiak elkar eragiten dutela aintzakotzat hartuta. 

Kaxkoa, Etxealdia eta tren geltokia lotzen dituen “San Esteban kalerako Udalak duen urbanizazio proiektua eta ETSren geltoki berriarena bateratzeko ahaleginetan” aritu da Udala hilabeteotan. Udalak ETS-ri bere egitasmoan aldaketa batzuk txertatzea eskatu zion, “geltoki berriak gure proiektuari kalterik egin ez diezaion”. Potxoeneko bileran alkateak berri eman zuenez, "gure eskaerak onartu dituzte".

Irisgarria eta segurua
Tren-geltoki berriaren baitan, “bideak konpondu eta eraikin berria eraikiko da kokaleku berri batean”, Eusko Jaurlaritzak berri emana duenez. “100 metro ekialderago”, Etxealdiatik hurbilago beraz, “egun geltokira sartzeko bi bide nagusiak” Atallu aldera nahiz Kaxko alderako bideak, “elkartzen diren tokian (hirigunearekin lotzen duen pasabidea, trenbide-igarobidea…) eta autobus-geltokiaren alboan”. Jaurlaritzaren esanetan, “etorkizuneko geltokiarentzat toki ezinhobea da”.  Aipatu pasabideok-oinezkoen komunikazio bide nagusia Kaxkoa, Etxealdia, Atallu eta Santuenea artean-irisgarriak izatea bermatuko da, “bai Usurbilgo hirigunetik, bai errepidetik eta inguruko industriaguneetatik”.

Beste jarduketa batzuen artean, egungo igarobidea erauntsi eta berria egitea aurreikusten da, akabera hobeekin, eskailerekin, igogailuarekin eta erabiltzaile guztientzat irisgarria izan dadin beharrezko elementuekin”. Usurbilgo Udalak aurreratua zuen moduan, egun Atallu, Etxealdia eta Kaxkoa lotzen dituen zubiko pasabidea luzatu egingo da eta eskilara nahiz igogailu bidez gerturatu ahalko gara geltokira. Errekalden dagoenaren antzekoa izango da. Egungoak ez bezala, berriak trenbidea gainetik zeharkatuko du eta beraz, trenbideko igarobide arriskutsua ezabatuko da. Eusko Jaurlaritzatik gaineratu dutenez, “jarduketaren ingurunea berriz urbanizatu egingo da; alboko parkea berritu eta eremua birlandatuko da”.

Oraingoan bai
Eusko Trenbide Sareak-en geltokiak estandarizatzeko eta egun hainbat geltokik dituzten arazoei eurre egiteko apustuaren baitan kokatzen da Usurbilgo geltoki berriaren eraikuntza; “hala nola, mantentze-lanen kostu handia, irisgarritasun-zailtasunak, erraietatik igarotzeko pasabidea, nasa estuak, laburrak eta unitatetik tarte handia dutenak…”.

ETS-k eskuliburu bat sortu zuen “alderdi estetikoak eta diseinua arautzeko alderdi funtzionalak zehazteko. Kontratu horren barruan idatzi zen Usurbilgo Geltokia Modernizatzeko Eraikuntza proiektua, Bilbo-Donostia linearen barruan”. 2010ean idatzi zuen ETS-k geltoki berria eraikitzeko proiektua baina alboratu egin zuen. Proiektua berridazten hasi ziren 2020an eta “Udalari hitz eman zion oraingoan gauzatu egingo dutela. Udalak proiektua egokitzeko hausnarketa egin zuen, oinezkoen mugikortasuna erosoagoa izan dadin, eta ETSri planteatu: begi onez hartu zituzten. Lizitazioa abiatzear, proiektua gauzatze bidean da” orain, Udaletik adierazi dutenez.