Booktegi zertan ezberdintzen da ohiko liburutegietatik?
Aritz Branton: Book hitza aukeratu genuen liburu elektronikoak adierazteko. E-booka esaten delako. Booktegi ez dakigu liburutegia edo argitaletxea den edo bi gauzak aldi berean. Bideoak eta audioak ere ekoizten ditugu. Eta gainera liburuak hartzen dituztenean erabiltzaileek ez dago itzultzerik, deskargatzen dituzte. Guztionak dira. Hortik izena. Ez da ohiko liburutegi bat.
Zein zuen abiapuntua Booktegik?
Euskal Herrian liburu elektronikoa oso gutxi erabiltzen zela eta liburu on asko apaletan geratzen zirela ikustea. Lehenengo edizioa argitaratzen da, jendeak liburuaz gozatzen du baina gero ahaztua geratzen da eta agortua, ez da berriz inprimatuko kostuengatik. Horregatik liburu horiei bigarren ibilbidea eskaini nahi genien eta liburu berriak, kostuengatik, laburrak izateagatik edo argitaletxeentzat ez direlako erakargarriak baina idazle zein irakurleentzat bai, beste inork inprimatuko ez dituenak ekarri nahi genituen. Abiapuntua hutsune horiek uztartu eta aukera berri bihurtzea izan da eta uste dut bide horretan asmatu genuela, hasieratik hori izan da gure erdigunea. Gure helburuari ere heldu diogu bost urteotan; euskaraz irakurtzeko eta idazteko zaletasuna sustatzeari alegia.
Zer nolako sortze lanek edo liburuek dute tokia Booktegian?
Booktegin liburu bat argitaratzeko baldintza batzuk daude; euskara txukunean idatzia egotea, ez dugu edozein gauza plazaratzen. Matxismoa, arrazakeria... hori guztia baztertzen dugu. Beste baldintza bat; aniztasuna. Normalean argitaletxe batek irizpide nahiko zehatzak izaten ditu. Zentzu horretan gure ikuspuntua oso zabala da eta ez dugu ezer baztertzen. Beraz irakurle guztiontzat zerbait badago Booktegin.
Euskarazko literatura zuenetik jasotzeko modua ere nabarmentzeko modukoa da. Beste arte diziplinetako sortzaileak erakarri dituzue.
Euskal kulturgintzan elkarlana egiten ez bada jai izango dugula uste dugu. Proiektuak aberastea oso interesgarria da; emanaldiak egitea, bideoak, audioak... Saiatzen gara gauzak uztartzen horretan askotan interes handia egon daitekeela uste baitugu.
Bost urte bete ditu Booktegik. Aurreikusitako helburuak beteta eta erronka berrien bila?
Gure ahultasuna finantziazioa da; horregatik, besteak beste, bazkideak bilatzen ari gara. Bestetik, proiektu guztietan bezala, erronka berriak ateratzen dira eta bilatzen ditugu. Erronka bat aukera bat da, gauza berriak eskaini eta partekatzeko. Bestetik, balantzea positiboa da oso. Ez genuen espero hasieran hainbeste bisita jasotzea, eta gaur egun hilero 3.000 pertsona baino gehiago etortzen dira Booktegira eta hori asko da. Aldi berean gutxi iruditzen zaigu, kopuru hori handitzeko lan egiten dugu. Deskarga kopurua ere oso handia da. Sorpresa handia izan zen ikustea zein eskuzabalak diren euskal sortzaileak, sortze lanak ekartzeko prest, ezeren truke, musutruk. Eta hori polita da. Hori ikustea, sentitzea, mundu horretan ibiltzea oso gauza ederra da.
Bost urteren ostean sortzaile eta zaletuen artean saretzea eman dela esan liteke?
Bost urte hauetan osatu da bai. Egile batzuk itzultzen dira lan berri batzuekin edo elkarren hitzaurreak idazten dituzte. Datorren jaialdian ikusiko dugu Booktegirekin harremana izan duten sortzaile hainbat. Adibidez, Uxue Alberdik gure lehenengo jaialdian parte hartu zuen, duela bost urte Donostian. Bosgarren urtemugako jaialdian ere parte hartuko du, Booktegirentzat propio sortzen ari den azken emanaldian. Pozgarria da guretzat.
Booktegiren bosgarren urtemuga jaialdia Usurbilen. Zergatik Usurbilen?
Hasieran ez genekien Booktegik zer nolako harrera izango zuen. Hasieran proiektu pribatua izan zen Booktegi. Eta iaz, Booktegi Kultur Elkartea sortu genuen, non eta Usurbilen. Beraz, koherentziaz eta nahi dugulako, Usurbil da lekurik egokiena jaialdia izateko. Eta gainera zuekin, Udalarekin, Potxoeneakoekin, liburutegikoekin eta ikastolarekin harrera oso beroa izan da hasieratik, hori ere pozgarria da oso.
Zer dakarkizue Usurbila?
Gauzak batzuk ekarriko ditugu eta bertako gauza batzuk ere egongo dira. Batez ere NOAUA! K.E.-ren ekarpena izango da poesia arloan eta ikastolarik ere laguntza jasoko dugu batez ere antolaketan, harreran eta aurkezpenak ere ikasleek egingo dituzte printzipioz. Zer ekarriko dugun? Sortzaileak, guztira 30-40 idazle, musikari, antzezle, artista plastiko... Ekarri nahi duguna egun osoko jaialdia da eta espero dugu oso ederra eta interesgarria izatea publiko guztiarentzat.
“Oso herri bizia eta alaia da”
Irakurleek ez dute entzungo zure ahotsa eta hizkera. Herrikidea zaitugu.
Duela urtebete ingurutik.
Zer moduz sentitzen zara herrian?
Oso herri bizia eta alaia da, oso gustura nago Usurbilen.
Kultur ikuspegitik zer nola herria iruditzen zaizu?
Oso bizia. Zuen elkartetik hasita, eta antoaltzen diren ekimenak,.. gauza asko egiten dira. Horrek esan nahi du oso herri bizia, aktiboa dela kultur arloan. Eta hori noski pozgarria da.
Ingalaterran jaioa, duela 17 urtetik Euskal Herrian. Euskaldundu nahi zenuela argi izan zenuen hasieratik.
Euskaldun bat ezagutu ondoren etorri nintzen Euskal Herrira. Euskaldun horrek egun horretan azaldu zidan aditz sistema eta liluratua geratu nintzen. Euskara etorkizuna baino modernoagoa dela iruditu zait ordutik, aditz sistema izugarri ona dela gauza asko adierazteko, ñabardura guztiak modu naturalean adierazteko. Orduan jakin nuen une horretan ikasi behar nuela eta neure egin behar nuela. Eta horregatik etorri nintzen hona, hizkuntzagatik eta gero gauza askoz gehiago ikusi eta ezagutu nituen. Sintaxiarekin liluratua geratua nintzen eta nabil, zoragarria da. Eguneroko gozamena da hori. Gero zuek ezagutzea. Hori ere oso ondo dago, ingurua eta gauza asko, historia, gizartea, hori guztia.
Euskara ikasteak ate ezberdinak irekitzen al ditu?
Zalantzarik gabe. Ezin dut imaginatu, herrialde batean bizi eta hango hizkuntza ez ezagutzea, oso pobrea izango litzateke. Funtsezkoa da, ez dut beste aukerarik ikusten. Oso pobrea eta tristea iruditzen zait ez ikastea.
Booktegiren urtemuga jaialdirako gonbita nori luzatu nahi zenioke?
Kulturaz gozatzen dutenei. Eta euskal kulturari laguntza txiki bat emateko aldi berean. Beraz gozatzeko eta laguntza edo aldekotasun hori adierazteko modua ere bada.