Erakundeen eta enpresen arteko harremana sendotzearen alde agertu da lehendakaria

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 10a, 13:39

Iñigo Urkullu Danfoss enpresa daniarrak Usurbilen zabaldu duen lantegi berriaren inaugurazio ekitaldian izan da gaur eguerdian. "Inbertsio horrek erakusten du Euskadiren ekosistema industrialean konfiantza dagoela", adierazi du lehendakariak. Halaber, erakundeen eta enpresen arteko harremana sendotzearen alde azaldu da. "Horixe da gure eredua etengabeko hobekuntzaren alde".

Iñigo Urkulluk azpimarratu du Danfoss Power Solutions Telecontrol iraunkortasunarekin eta deskarbonizazioarekin konprometitutako konpainia bat dela, "inbertitzen duena eta berrikuntzaren zein garapenaren aldeko apustua egiten duena". Danfossen helburuak eta konpromisoak, halaber, lehiakortasuna irabaztera eta kalitatezko enplegu-aukerak sortzera bideratuta dagoen euskal estrategia ekonomikoaren parte direla.

Lehendakariaren esanetan, industria da euskal ekonomiaren motorra (balio erantsi gordinaren %25 baino gehiago da),  manufakturarekin, energiarekin eta osasunarekin batera. "Egiten duen herrialdea gara eta Euskadin industria-ekoizpena eta manufaktura indartzen jarraituko dugu".