"Ez dugu etxegabetze hau onartuko"

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 11a, 12:48

Maria Angeles herrikidea etxegabetu nahi dutela salatu du Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformak eragile gehiagoren babesarekin batera, astearte honetan Donostian salatu duenez. Usurbilgo 80 urteko emakumeak bizilekua duen etxea ordaindua izan arren, seme baten mailegua abalatzeko erabilitakoa, orain kaleratu egin nahi dute. "Ez dugu etxegabetze hau onartuko", adierazi dute, Bulebarrean egin duten agerraldian bildutakoek. Bertan zen Maria Angeles.

Etxegabetze arriskuari lotutako kasu mingarri bat Usurbilen bertan. Astearte goiz honetan eman du ezagutzera Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformak, Donostiako Bulebarrean egin duen agerraldian. Kaltetua, herrikidea dugu, 80 urte dituen Usurbilgo Maria Angeles. "Egoitza Madrilen duen Reno Amusement SL mailegu-emaileak 60.000 euroko hipoteka-mailegua formalizatu zuen hildako semearekin, Maria Angelesen ordaindutako etxebizitzaren bermearekin eta epemuga aurreratuaren abusuzko klausularekin, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak baliogabetzat jo zuena. Horregatik, ordaindu gabeko hirugarren kuotaren ondoren, mailegu-emaileak hipoteka exekutatzeko demanda bat aurkeztu zuen, Maria Angelesek horren berririk izan gabe", azaldu du Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformak. 

Egoera horren aurrean, "epaitegiak 2021eko apirilean jakinarazi zion etxebizitza enkantean jarriko dela eta, orduan, plataformarekin jartzen da kontaktuan". Herrikideak urrats hau eman ostean, "gure abokatu Maite Ortizek hipoteka-exekuzioaren aurka egin zuen, abusuzko klausulak zeudelako, batez ere epemuga aurreratukoak. Epaileak aurkakotza hori ezetsi egin zuen, epaitutako gaia dela adierazi zuelako, Maria Angelesen semeak eskatu zuelako, eta epaitegiak ez zuelako abusuzkotzat jo".

Epailearen ebazpen honen ondorioz, "prozedurak aurrera jarraitzen du eta, horrekin batera, enkanteak, azken eskaerak eragina izan arte. Horretan, epaitegiari eskatzen zaio adieraz diezaiola zein den gaur egun arte ordaindu gabe dauden kuoten zenbateko osoa, enkantea bertan behera uzteko aukera ikusteko eta ordaindu gabe utzitako kuotak bakarrik ordaindu ahal izateko eta ez zorra osoa, 60.000 eurokoa". Aipatu plataformatik nabarmentzen dutenez, "eskaera horrekin enkantea atzeratuko litzateke eta maileguaren ordainketari aurre egiteko irtenbideak zabalduko lirateke".

Bestela, auzi honi irtenbiderik ematen ez bazaio, "mailegu-emaileak 90 metro karratuko etxebizitza eraberritu bat jasoko du, jakina, 60.000 euro baino gehiago balio duena, ondoren, epaileari Maria Angelesen etxegabetzea eskatzeko".

"Bide juridiko guztiak erabiliko ditugu"
Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformatik salatu dutenez, "gure kaltetua zaurgarritasun-egoeran dagoen arren, Bankuen Jardunbide Egokien Kodea (Guindos Dekretua), bost urteko gabeziarekin balia daitekeena, ez zaio aplikatzen, Zima Finances bezalako funts putreak, uztailean ehunka hipoteka berankor erosi zituena, atxikita ez daudelako, ezta mailegu-emaileak ere, Reno Amusement bezalakoak".

Usurbilgo Maria Angelesen kasua ez da bakarra. "Beste behin ere salatu behar dugu abal-emaile erretiratu eta adin handiko pertsonen drama, haien etxebizitza ordainduta izanik, seme-alaben maileguen bermea dena. Plataforman sei kaltetu ditugu, horietatik hiru laurogei urte baino gehiago dituztenak, etxegabetuak izan daitezkeenak eta horien alde borrokatzen ari gara Kutxabank bezalako banku Promontoria Coliseum, Coral Homes eta Zima Finance bezalako funts putreek eta mailegu-emaile lukurari hauen aurka".

Argi diote, Gipuzkoako plataforma honetatik. "Ez dugu etxegabetze hau onartuko, helburua Maria Angeles bere etxean bizitzen jarraitzea da bere egunak amaitu arte. Horretarako, bide juridiko guztiak erabiliko ditugu, mobilizazioa Usurbilen eta erakundeen bitartekaritza, hemen dagoen alkatearena eta Batzar Nagusiena bezala. Etxebizitza eskubidea da, ez negozioa. Maria Angeles bere etxean geratuko da. Bai ahal da".