Udalbatzarra

HAPO-a hasieraz onartzeko udalbatzarra gaur

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 13a, 11:45

Ostegun honetarako deitu duten ezohiko udalbatzarrean hasieraz onartu asmo dute, etorkizuneko Usurbil marrazten lagunduko duen Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (HAPO).

Usurbilen etorkizuna marrazten lagunduko duen tresna nagusiari lotuta, urteetan egindako lanketan urrats garrantzitsu bat ematera doa Usurbilgo Udala; Hiria Antolatzeko Plan Orokorraz (HAPO) ari gara. Hasieraz onartzea bozkatuko dute, ostegun honetarako, urriaren 13rako, arratsaldeko 18:00etan deitu duten ezohiko udalbatzarrean.

Herritarrekin batera bideraturiko lanketa luzea
2014ko udan iragarri zuen orduko udal gobernu taldeak, udazken hartan bertan hasiko zutela Usurbilgo etorkizuna marrazten hasteko lanketa,"Usurbil, oraina da geroa" aldarripean; herritarrekin batera noski. "Herriko arazo eta aukerak aztertuko ditugu eta denon artean etorkizunean nolako herria nahi dugun erabakiko dugu. Udaletik gonbitea luzatzen da prozesuan parte hartzeko”, deitu zieten herritarrei. Gaika eta auzoka herria sakonetik aztertzeko aukera izan zuten 2015era bitarte; "Lurralde antolaketa; Jarduera ekonomikoak,  komertzioak eta nekazaritza; Ekipamenduak, zerbitzuak eta azpiegiturak eta Mugikortasuna eta ingurugiroa".

Plan orokorraren diseinuari lotuta, hainbat partehartze prozesu bideratu ditu Usurbilgo Udalak azken urteotan. Herritarrekin batera bideratu du diseinu lanketa hau guztia. Aipatzekoak besteak beste, "Kale Irekiak" prozesua eta prozesu hartatik eratorritako mugikortasun plana. Usurbilgo espazio publikoaren eta mugikortasun ereduaren gabezi eta beharrak aztertu eta horien gaineko proposamenak bildu ziren. "Mugikortasun jasangarriaren irizpideetan oinarrituta, kale, plaza eta auzoetako herri-lan edo eta birmoldaketa proposamenak" jaso ziren.

Hor daude baita, azken urteotan auzo ezberdinetan bideratu dituzten lanketak ere; "Guk Zubietan zer?" 2020ko udazkenean abiarazi zuten prozesua Herri Batzarrak, Usurbil eta Donostiako udalek eta EHU-k. Aginagan bideratu duten lanketa ere hor dago edota berriki, Santuenean diseinaturiko auzo plana. Etxealdian ere aurrera begira, auzo irisgarri eta atseginagoa bilakatzeko lanean dihardute egun.

Etorkizuneko Usurbilen diseinu horretan gainera, genero ikuspegia eta euskarak duen eragina txertatzeko azterlanak ere egin ditu Udalak kanpo aholkularitzen laguntzaz.

Urteotan eginiko lanketa luze honen ispilu izango da Hiria Antolatzeko Plan Orokorra. Erredaktatua du Usurbilgo Udalak. 2019-23 legealdiaren azken txanpa honetan, hilaren 13rako deitu duten ezohiko udalbatzarrean onartzera doaz.