%86,9ko gaikako bilketa urtarriletik ekainera

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 13a, 13:26

Iaz epe berean baino zertxobait altuagoa da Usurbilen gaika bildu den hondakinen ehunekoa.

Usurbilen sortzen diren hiri hondakin ia denak gaika biltzen segitzen direla berresten duten datuak eman ditu argitara Usurbilgo Udalak; zehazkiago esanda, 2022ko urtarriletik ekainera arteko zenbakiak. Udalerri honetan sortutako hondakinen %86,9 bildu dute gaika urte honetako lehen seihilekoan; %88 ingurukoa izan zen urtarrila eta otsailean, %84ra murriztu zen martxoan, ia %90era igo zen apirilean eta %85aren bueltan mantendu zen maiatzean eta ekainean.

Kudeatutako hiri hondakinak 1526,06 tona izan dira urtarriletik ekainera, haietatik 1326,22 tona gaika. Gainerakoa, 199,84 tona errefusa izan dira. 

Epe bereko duela urtebeteko datuen alderaketa plazaratu du Usurbilgo Udalak:
Gaikako bilketa
2022ko lehen seihilekoan: %86,90
2021eko lehen seihilekoan: %86,59 

Errefusa
2022ko lehen seihilekoan: 199,84
2021eko lehen seihilekoan: 209 tona. 

Kudeatutako hiri hondakinak
2022ko lehen seihilekoan: 1.326,22 tona.
2021eko lehen seihilekoan: 1.560 tona. 


Larrialdi guneetan hobekuntzak
Bide batez, Udalak berri eman duenez, hainbat hobekuntza egin dituzte Atalluko larrialdi gunean, proba moduan. Aurrerago gainerakoetan jartzekoak dituzte.  "
Materialak larrialdi guneetan modu erosoagoan uzteko, edukiontzien tapak egokitu dira. Handiak zirenez, pisu handia hartzen zuten, eta indarraren arabera, erabiltzaile batzuek zailtasunak izaten zituzten hondakinak uzteko. Aldaketarekin, paperaren, ontzi arinen eta errefusaren edukiontzietan tapa erdia edo osorik irekitzeko aukera dago. Organikoaren edukiontziaren kasuan, pedala jarri diote, hankarekin ireki ahal izateko".