"650 Usurbil bizi" herri egitasmoaren aurkezpena gaur

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 14a, 11:22

“650 Usurbil bizi, beste mundu bat posible da”. Aldarri honen bueltan herritar eta eragileekin lankidetzan hilabeteotan ontzen aritutako turismo eredu berria plazaratzera doaz. Ostiral honetan, urriaren 14an izango da aurkezpena, 18:00etan, turismoarentzat aurrerantzean erreferentzia gune izango den Mikel Laboa plazan. Hitzorduan parte hartuko dute udal ordezkariek, proiektua lantzen aritu den Jon Maia Soriak eta hainbat herri eragileek.

Izenetik hasita, “650 Usurbil Bizi”. Zenbakiak iraganera garama, baina etorkizunera begirako egitasmo bati buruz ari gara ezta?
Jon Maia Soria:
Zenbakiak iragana, mendeurren hori seinalatzen du eta hori da proiektu guztia biltzen duen aterki modukoa. Baina aldi berean zenbat Usurbil dauden adierazteko modua da, horregatik dago Usurbilen aurretik eta ez ondoren. Ez da “Usurbil 650” “650 Usurbil” baizik. Usurbil asko daude eta bizi ditzagun horiek. Bizi barrura begira, herritarrekin eta herritarrentzat eginiko plan bat da. Eta aldi berean bizi hitzak balio du bisitarientzat ere, bizi itzazue Usurbil horiek guztiak. Dema plaza edo herriaren erdigune hori adierazten duen sinboloa du.
Agurtzane Solaberrieta Mesa: Lan hau abiatu genuenean geure buruari galdera batzuk egiten genizkion. Zer da gaur egungo Usurbil? Zerk ezaugarritzen du Usurbil edo zeintzuk dira gure nortasun ikurrak? Nola proiektatu nahi ditugu? Honetan guztian hasi ginenean urteurren hori egokitu zen. Efemeride historiko hori erabili nahi izan dugu egiteko azterketa bat Usurbil nola iritsi den hona arte, baina baita zer den gaur egungo Usurbil eta etorkizunean ere zer izan beharko lukeen eta Usurbil hori ere nola proiektatuko nahiko genukeen aztertzeko.

Hau ez da turismo proiektu soil bat, eraldaketa bat planteatzen duen herri proiektu bat baizik?
J.M.S.:
Plan estrategiko bat da Usurbilentzat barrura eta kanpora begira. Gizartea eraldatzeko tresna bat izatea nahi dugu turismoa. Alegia, Usurbilen baloreetatik abiatu, eta beste mundu bat posible dela adierazten duen herri bat erakutsi, kanpotik datorrenari. Usurbilera datorrenak gauzak beste era batera egiten dituen herri bat ezagutzea, arlo desberdinetan, eta azkenean ezagutza horretatik beraiek ere bihurtu daitezela gauzak beste era batera egiteko modu horren enbaxadore eta beren herrietara eraman dezatela Usurbilen ezagutza hori. Hori da helburua, turismoaren kontzeptua iraultzea, positibizatzea. Eta balio dezala herria dinamizatzeko eta gizartea eraldatzeko.
A.S.M.: Zer Usurbil proiektatu nahi dugun, ariketa hori, egin dugun herri ariketa bat izan da, Jonek lehen fasean elkarrizketatu zituelako berrogeitik gora gizarte eragile eta pertsona. Entzute fase horretatik osatu zuen Jonek “650 Usurbil bizi”. Normalean halakoetan turismo enpresek egiten dituzte herri batentzat turismo eskaintzak, kasu honetan ordea behetik gora eraikitzen den eskaintza bat da. Horretan, ereduan eta edukietan ere berritzailea da; turismo eskaintza honek herriaren identitatean, ondarean... jartzen du begirada. Gizarte eraldaketa sustatu asmo duten proiektu eta egitasmoetan, eta beraz, bilatu nahi dugun bisitaria ere bada horretan aritu edota proiektu horiekiko interesa duena.
J.M.S.: Gure aldarrietako batek dio “bestelako herri bat, bestelako mundu bat nahi duen bestelako bisitariarentzat”. Guk uste dugu badagoela bisitari profil bat, ezinegon hauek izan ditzakeenak. Oso ezaugarri bereziak dituen herri bat topatu dut eta horrek asko erraztu du nire lana. Gauzak beste era batera egin nahi duten herri bat topatu dut, gizarte eraldaketak transbertsalki alor guztietan aplikatu nahi duen herri bat. Batzuetan gehiago lortuko du besteetan gutxiago, baina beti nahi du. Zaintza eredua, hondakinen tratamendua, memoria historikoa, Ez Dok Amairurekin harremana,.... Hori dena hor zegoen baina inork ez du pentsatzen ezaugarri horiek denak turismoarekin erlazionatu daitezkeenik. Fokua guk nahi dugun horretan jarri dugu, onuradunak ahal dela izan daitezela herritarrak. Haien onespenarekin egiten dugu guztia. Horrek mugimendu ekonomiko bat ekar badezake, hobeto. Baina arrakastaren indikadoreak ez dira bakarrik ekonomikoak izango turismoan ohikoa den moduan, kualitatiboak baizik. Usurbila etortzen den pertsona bakoitza zenbatuko dugu ahal badugu. Pertsona bat etortzen bada gure web orri berrian sartuta, beste mundu bat irudikatzen duen herri bat ezagutzera datorrelako, jada garaipen bat izango da guretzat.
A.S.M.: Nahiko identifikatuak genituen Usurbilek izan beharreko turismo eskaintza horren osagaiak zeintzuk ziren, baina puzzlearen pieza guztiak elkarrekin lotuko lituzkeen kontakizuna falta zitzaigun. Jonek Usurbil horiek guztiak lotzen dituen hari bat eraiki du. Herri proiektu interesgarri batean bihurtu da, ez garelako soilik hitz egiten ari turismo eskaintza soil batetaz, herri identitatearen dinamizazioaz hitz egiten ari gara eta horren parte bihurtu nahi ditugu herriko eragile eta elkarteak. Alor honetan ere posible da herritarren iritziak, ikuspegiak, bizipenak biltzea eta horretatik abiatuta proiektu eta eskaintza bat osatzea. Eta sortzea ere haien aldetik harrotasun bat eraiki dugun errelato honekiko. Harrotasun horrek ere ekartzen du proiektuarekiko atxikimendu bat lortzea, gogoa sortzea hori guztia kanpora proiektatzeko.


Zertarako baliatu nahi duzue urriaren 14rako antolatu duzuen aurkezpen ekitaldia?
J.M.S.:
Bi elementu oso garrantzitsu aurkeztuko ditugu. Batetik, “650 Usurbil bizi, beste mundu bat posible da” web atari oso dotorea. Hori izango da gure eskaintzaren erakusleiho nagusia Usurbildik kanpo. Bestetik, bisitariari Usurbilgo ikuspegiaren berri emango dion zutabe informatibo bat kokatuko dugu Mikel Laboa plazan. Horren ondoan izango da aurkezpena. Eta gero, abian jarri ditugun lehenengo proiektuak aurkeztuko ditugu. Ideia da progresiboki, proiektu desberdinak abian jartzea. Denbora asmo daramagu barne sukalde lanetan eta honetaz gozatzen hasteko gogoa dugu, batez ere emaitza herritarrekin partekatzekoa. Proiektu aitzindari bat izan daitekeela uste dugu, herri gehiagotan ere aplikatu daitekeena. Nahi duguna da bisitari orok ikusi dezala Usurbil ezagututa, beste mundu bat posible dela.
A.M.S.: Bilatzen dugun turismo ereduari buruzko gogoeta hauek plazaratu genituen abenduko Sutegiko aurkezpen hartan, eduki nagusiak, Usurbil horiek zeintzuk diren... Hilabete hauetan proposamen horretan jasotako proiektuak martxan jartzeko urratsak ematen aritu gara.  Proiektu hau martxan dagoela ikusgarri egingo duten lehen ekintzak edo urrats horiek eta gerora ere epe motzera etorriko direnen berri ere emango dugu urriaren 14an. Egitasmo hau Udaletik abiatu arren, herri proiektuan bihurtu da eta hori irudikatu nahiko genuke hilaren 14ko ekitaldian.


Orain arte bideraturiko sukalde lan horretan, zertan aldatu zaizue herri honekiko aurrez zenuten ikuspegia?
J.M.S.:
Niretzat deskubrimendu bat izan da Usurbil eta datorren edozein bisitarirentzat ere deskubrimendu bat izatea nahiko nuke. Balorez eta altxorrez betetako herri bat dela iruditzen zait. Hori kanpotik ez zen ikusten edo nik behintzat ez nuen hori ikusten. Lan honi esker deskubritu dut Usurbilek oso ezaugarri potenteak dituela, merezi dutenak ezagutaraztea. Oso herri gutxik dute Alkartasuna bezalako 100 urtetik gorako nekazal kooperatiba bat; Europa osoan bangoardia izatea hondakinen tratamendu mailan edo zaintza ereduan hemen egiten ari diren proiektuak; Zumetaren horma irudia, edo hemen dauden horma irudiak eta eskulturak, izugarria da; edo Ez Dok Amairurekin lotura hori, ez dago beste herri bat halako loturarik duenik. Ezaugarri horiek modu soltean ikusiz gero ez zara konturatzen agian, baina Usurbil osatzen duten puzzlearen pieza guztiak mahai gainean ikusten dituzunean inpresionatu egiten du.
A.S.M.: Duguna balorean jartzen, norabide batean kokatzen lagundu dit. Beste mundu bat eraikitzeko mesedetan egiten dugula sinestarazten kokatu nahi genituzke herritarrak eta herriko eragileak. Barneratzea, sinestea. Kanpo proiekzioari baino garrantzia ematen diot herri proiektu bat izateari. Hemendik eratortzen diren Usurbil horietan guztietan pentsa zenbat eragile dauden. Horrek ahalbidetzen du proiektu honen mesedetan elkarlanak bideratzea, sektore oso desberdinak ere aritzea norabide honetan. Barrura begira duen dimentsioa eta potentzialtasuna handia da. Eta horiek benetan ondo egiteko gai bagara, kanpora begirako proiekzio horretan izango du islada.