Zubietako erraustegia

GuraSOSen kanpaina berrirako bideo grabaketa igandean

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 14a, 12:57

Kanpaina berrirako grabaketa bat egingo du igandean Aranerrekako parke berrituan. Familiei parte hartzeko deia egin diete. Urriaren 20rako bestalde, hitzaldia eta bilera deitu dute Sutegin.

Bueltan da GuraSOS kanpaina berri batekin. Momentuz, bi hitzordu deitu ditu egunotarako. Lehenengoa, iganderako, urriaren 16rako, arratsaldeko 17:00etan Aranerrekako parke berrian. Familiei bertaratzeko deia egin diete eta eraman ditzatela natur eremuan jolasteko elementuak; kometak, soka... "Kanpaina berria abiatzeko bideo-manifestua" grabatu nahi dutela aurreratu dute GuraSOSetik.

Eta adi baita GuraSOSen bigarren hitzorduari. Ekitaldi bakar eta berean, hitzaldia eta bilera deitu ditu datorren ostegunerako, urriaren 20rako, arratsaldeko 19:00etan Sutegin. Hitzaldiari dagokionean, Fernando Palacios zientzialariak eta Joseba Belaustegi abokatuak hartuko dute hitza. "Lehenak erraustegia sortzen ari den kutsadura larriaren berri emango du (dioxina eta bestelako toxikoekin) eta honen eragina ingurugiroan eta osasunean zein den. Bigarrenak gertaera hauen ikerketa judiziala eta polizialaren azken berriak azalduko ditu. Hitzaldiaren bukaeran estrategia berria labur zuekin partekatuko dugu".

Hain zuzen ere, GuraSOSetik ohartarazi dutenez, "erraustegiko proiektua inoiz baino ahulagoa dago eta inoiz baino baldintza hobeagoak daude geldiarazteko". Zehaztu dutenez, "transformadore nagusia izorratu dute, kutsadura oso larria atzeman da lurretan, azpiko uretan eta azaleko uretan, horien artean dioxinenak... Hori dela eta hainbat ikerketa kriminalak irekita daude epaitegian nahiz fiskaltzan....". Testuinguru honetan, "GuraSOSek erabaki du sozializazioa, sensibilizazioa eta mobilizazio soziala berpiztea. Berriro aktibatzera goaz eta zuen beharra izango dugu antolatuko ditugun hainbar ekimen aurrera eramateko edo eta mezua zabaltzerako orduan".

GURASOS-en DEIALDIAK
Urriak 16, igandea
17:00 Bideo-grabaketa Aranerrekako parke berrian.

Urriak 20, osteguna
19:00 Bilera eta hitzaldia Sutegin.
Hizlariak: Fernando Palacios zientzialaria eta Joseba Belaustegi abokatua.

Deitzailea: GuraSOS.