Datozen 15 urteotan zer nolako Usurbil nahi dugun marraztua dago, azken urte luzeotan Udalak, herritar eta eragileekin lankidetzan jorraturiko bidearen ostean. Arloka, auzoka egin diren hamaika partehartze prozesuek, teknikoki udal barruan eginiko lanketak bere emaitza izan du; Hiria Antolatzeko Plan Orokor berria prest da. Hasieraz onartu dute ostegun honetako ezohiko udalbatzarrean. Behin-behinean eta gehiengo osoz, EHBildu eta PSE-ren aldeko bozkekin. Aurka agertu da EAJ.
Hiru hilabeteko alegazio epea zabalduko da orain. Jendaurrean jarriko ditu Usurbilgo Udalak "Usurbilgo Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, ingurumen-azterketa estrategikoa eta proiektatutako antolamenduak indarrean dagoena aldatzen duen eremuen mugaketaren laburpen exekutiboa". Baita halaber, "ingurumen-azterlan estrategikoa". Horrez gain, "eraginpeko administrazio publikoei eta herritar interesdunei kontsulta egitea, 2023ko urtarrilaren 31 arteko epean HAPOa eta Ingurumen Azterketa Estrategikoa aztertu ahal izateko, eta egokitzat jotzen dituzten oharrak egin ditzaten".
Alegazioak eta iradokizunak aurkezteko aipatu moduan, datorren urtarrilaren 31ra arteko epea izango dute interesdunek. 2014ko maiatzean plangintza orokorra berrikusteko abiaturiko prozesu honek 2004-13 urte artean onartutako Arau Subsidiarioak ordezkatuko ditu.
Xehetasun gehiago datozen egunotan.