Webgunea, eskuorria eta zutabea
Ondo gogoan hartu: 650usurbilbizi.eus , hortxe izango da aurrerantzean Usurbilen erakusleiho berriaren helbidea, "650 Usurbil bizi" turismo eredu berriaren ataria. Webgune bizi eta koloretsua, egileek Ta Puntu kooperatibako kideek ostiraleko Mikel Laboa plazako aurkezpenean azaldu zutenez. "Lantaldea buru-belarri ibili gara proiektu honetan, nola jarri kolorea, hainbeste hitz, sentsazio, emozio eta herri oso bat irudikatuko duen kontzeptu bati. "650 Usurbil bizi" erakutsiko lukeen argazkiz eta edukiz beteta erabat bizia izango den webgunea sortu dugu". Webgunearekin eta eskuorriekin batera, dagoeneko Mikel Laboa plazan ikusgai duzuen zutabea ere diseinatu dute; bertan besteak beste, turismo eredu berriko zutabe izango diren Usurbil horien guztien xehetasunak, agenda edota herriko "museo irekia" osatzen duten elementu ezberdinei buruzko xehetasunak.
Egitasmoaren beraren irudia ere sortu du Ta Puntuk. "Logotipoan Dema plaza dago eta proba harria. Zumetaren horma-irudian oinarritua dago. Koloreak Zumetaren muraletik hartuak daude, pieza guztiok osatzen dute herri oso batek egin dezakeen bizitzaren joko hori. Guk ere uste dugu beste mundu bat posible dela".
Aranerrekako parkea, Ez Dok Amairuri eskainia
Puntapax kaletik gorako Aranerrekako parke berria, Ez Dok Amairu ezagutarazteko baliatu nahi dute. "Ez Dok Amairuk ez duen leku fisiko bat zein izan zen eta zer suposatu zuen euskal kulturaren berpizkunde horretan azalduko duena".
Parke berria diseinatzen hasiak dira Kabiene elkarlan guneko kideak. Mikel Laboa plazako aurkezpen ekitaldian Antton Kortak eta Julen Arteagak azaldu zutenez, bi lan lerro zabalduko dituzte proiektu hau gauzatzeko, Kabieneko hiru kideren artean; batetik, "espazioaren analisi fisiko bat egongo da, guk arkitektura eta hirigintza aldetik jorratuko duguna. Ane Garcia itzultzaile eta testugileak edukiari helduko dio". Aurrerago kide gehiago batzea espero dute. "Irudigileak, komikigileak, idazleak baditugu gurekin batera. Denon artean Ez Dok Amairu parke hori sortzeko asmotan gabiltza". Baina ez dute iraganera begirako parke bat eraiki nahi, "gaur egungo kulturgileak eta sortzaileentzako espazio bat ere sortzea" nahi dute.
Egitasmo hau bideratzeko lankidetza hitzarmena sinatzekoak dira laster Usurbilgo Udalarekin. "Usurbilgo Artzetarrak eta Jose Luis Zumeta abiapuntutzat harturik, Ez Dok Amairuren unibertso imaginario bat" sortu nahi dutela iragarri dute udal gobernu taldetik. 2023an zabaldu asmo dute.
Zumetaren muralak 50 urte
Eta datorren urtean, frontoi atzealdeko Jose Luis Zumetaren horma-irudiak mende erdia beteko du. Jon Maiak iragan ostiraleko aurkezpenean iragarri zuenez, "sekula ez da berritu eta eraberritze-lanak izango ditugu datorren urtean". Eta horrekin batera, bi erakusketa; "bat, horma-irudia nola egin zen azalduko duena, eta beste bat Zumeta eta Usurbilen arteko lotura erakutsiko duena". Bideo artistiko batzuk ere grabatu nahi dituzte, "horma-irudiaren aurrean Euskal Herri mailako artistak jarriaz". Ekimen guztiok helburu nagusi baten bueltan bideratu nahi dituzte; "horma-irudi hau dagokion lekuan jartzea Euskal Herri mailan eta Euskal Herriko irudi ikonikoetako bat izatea".
Herriko ekoizle eta sortzaileen otarra
Lehenago, adi urte amaiera honi. Lehendik ere nahikoa arrazoi baziren Usurbilen bizitzeaz gain, Usurbilen bertan erosteko, beste hamaika arrazoi batuko dira abenduan. Herritik kanpora nahiz barrura begira jarriko gaituen "650 Usurbil bizi" egitasmo honen testuinguruan, herriko ekoizleen eta sortzaileen produktuen otarrak zozketatuko dituzte, Hurbilago ostalari eta merkatarien elkarteko dendetan erosketak egitearen truke. Erosketotan eskuratu ahalko dira zozketarako txartelak. "Animatu denoi herriko dendetan erosketak egin, herri merkataritza bultzatu eta herri sorkuntza ezagutzera", luzatu zuen gonbita, kultur arloko zinegotzi eta herrian eraikitzen ari diren kulturgune berriko sustatzaile Luken Arkarazok. Otar horretan, "literatura, musika, artisautza lanak, moda diseinua... Ezohikoa den otar bat osatzen gabiltza, gabonetan Usurbilgo etxe guztiak herriko kulturgintzaz aberasten jarraitzeko". Modu honetan, "sortuz bakardadea isolatuz" edota Kultur Biraren bidez pandemia garaian argi utzi zuten bezala. "Kultura ez da kontsumorako, aisialdirako produktu soil bat, askoz gehiago dela".
Kulturgunea, Udala eta Hurbilago batu dira, Usurbilgo ekoizle, sortzaile eta merkatariak batuko dituen tokiko kontsumoaren aldeko "650 Usurbil bizi otarra" izeneko proiektu honetara. "Otar oso koloretsua izango dela aurreratzen dizuet", zioen Hurbilagoren ordezkari Juanjo Allurrek ostiraleko aurkezpenean.
Egitasmoaren diseinutik parte hartzen ari da Hurbilago eta aurrerantzean, "bere ekarpena egiten jarraituko du, proiektu hau gorpuzten, eraikitzen, egiten", Juanjo Allurrek ostiraleko aurkezpenean iragarri zuenez, egitasmoaren "filosofiagatik eta proiektu honen ezaugarriengatik, tokiko merkataritzak eta ostalaritzak etorkizunera begira behar dituen ezaugarriekin, guztiz bat egiten duen proiektu bat" baita.
Turismo eredua berriari lotutako proiektutik gakotzat jo zituen bi ezaugarri nabarmendu zituen; "bereizten gaituenari balioa ematea eta herri edota komunitate izaera indartzea". Lehenbizikoari dagokionean, "gure zerbitzu eta dendetan ere jaso eta sentitu behar dugu zerbait desberdina, bereizgarria eta komunitate izaerari dagokionean, dinamika sozial eta kultural indartsuak egoteak asko laguntzen dio tokiko ekonomiari, zer esanik ez ostalaritzari".
Etorkizunean ere "komunitate eta herri bizi izateko gure auzo eta herriguneetako zerbitzuak behar beharrezkoak ditugu", gogorarazi zuen Allurrek. Besteak beste, "Usurbil bizi eta koloretsu bat nahi badugu, gure herrigune eta auzoetako denda txikiak, tabernak, zebitzuak irekita eta bizirik nahi ditugu, gure kaleak erakargarriago egiten dituzten erakusleiho koloretsuak, herritarren joan etorria dagoela ikusten diren kaleak. Gertu bizi direlako lagun egiten diren bizilagunak. Kaleko zaintza komunitarioa egiten duten gazteak eta adinekoak".
Argi zioen, herri honek eskuartean duen erronka ez da makala. "Indarrean dagoen eredua aldatzea ez da erraza, non handiak gero eta handiagoak diren eta baliabideak geroz eta esku gutxiagotan dauden, non bitartekariak geroz eta ahaltsuagoak izanda, ekoizleak geroz eta estuago dauden. Baina mundu globalizatu honetan, interdependenteak izanik ere, bizi eremu bakoitzak, komunitate bakoitzak, bere berezitasunak eta ahalmenak aprobetxatze bidean jarri behar ditu. Erakargarritasuna sortu, gertukoa, hurbilekoa, konfiantzazkoa, osasuntsua, bidezkoa, komunitate izpiritua, beste balio batzuei lotutako mundu ikuskera bat eraiki".
Zaintza ekosistema berria
Mikel Laboa plazan kokatu duten "totem" edo zutabera itzulita, karratu formako aldeetako batean, Usurbil bizi horien agenda ikusgai izango duzue aurrerantzean. Momentuz, epe motzean, Usurbilen abian den parte hartze prozesuaren baitan lantzen ari diren zaintza ekosistema berriari lotuta bideratzekoak diren dinamikak; zaintza azoka edota hainbat solasaldi datozen hilabeteotan. Segidan dituzue xehetasunak.
Zaintza ekosistema berria eraikitzeko lanketan parte hartzen ari den herrikide batek, Maider Makazagak hartu zuen hitza iragan ostiraleko Mikel Laboa plazako aurkezpen ekitaldian. "Urtebete baino gehiago duen prozesuarekin aurrera egiteko, herrira eta herritarrentzat zabaltzea ezinbestekoa ikusten genuen. Horretarako, aukera zabala egongo da datozen aste eta hilabeteetan antolatu diren mahai-inguru, solasaldi eta hitzaldietara gerturatuaz. Guztiok gonbidatu nahi zaituztegu parte hartzera" hitzorduotan, baita aurrerago antolatuko direnetara. "Zaintza ongizatea da, eta ongizatea denon eskubidea, baina denok dugu zeresana eta zeregina zaintza gaietan", Makazagak oroitarazi zuenez. Horretarako, "besteak beste, herritar, bizilagun, komertzio, administrazio, garraio eta hirigintza eta kultura zaintzailea behar ditugu. Haur, gazte, heldu zein adineko pertsona zaintzaileak izan behar ditugu". Guztia, xede nagusi bat betetzeko; "Usurbil herri zaintzalea izatea nahi dugu eta guztion artean lortuko dugu".
Zaintza ekosistema berrira begirako agenda
Azaroak 17, osteguna
"Zaintza lanen demokratizaziorantz: etxeko langileak borrokan" hitzaldia. Hizlariak: Matxalen Legarreta (EHUko irakaslea), Txefi Roco (LABeko ordezkaria) eta Maitelan kooperatiba.
Azaroak 19, larunbata
Zaintza Azoka:
10:00-10:30 Harrera gunea.
10:30-11:30 Harrera hitzaldia: "Zer da Usurbilgo Ekosistema berria?".
11:30-13:00 Bizipenen tailerrak.
13:00-13:30 Txirikorda eta zaintzadun etxebizitzak bertatik bertara: proiektu estrategikoetara bisita gidatuak.
13:30-15:00 Itxiera ekitaldia eta pikoteoa.
Abenduak 15, osteguna
"Zer dira zaintzen duten herriak?" hitzaldia. Hizlariak: Oihane Ruiz arkitektoa, Col-lectiu Punt 6 eta Nora Erdozia Usurbilgo Udaleko arkitektoa.
Urtarrilak 27, ostirala
"Zaharrak gara eta libre" hitzaldia. Hizlariak: Miren Aranguren (Emagin elkartea), Mari Luz Esteban (EHUko irakaslea), Ruth Iturbide (NUPeko irakaslea).