"650 Usurbil bizi"

"Turismo identitario, eraldatzaile eta aktibo bat sustatu nahi dugu"

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 17a, 10:33

Behetik gorako eskaintza, izaera berritzaile eta eraldatzailea duena, modu honetan definitu zuen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak herri barrurako nahiz herritik kanpora begira landu duten turismo eredu berria, iragan ostiralean Mikel Laboa plazan jendaurrean aurkeztu zutena.

"Garbi identifikatzen genituen zeintzuk diren proiektu honen osagai nagusiak baina osagai horiek guztiak nolabait lotu eta josiko lukeen proiektu bat behar genuen. Ikuskera bat falta zitzaigula iruditzen zitzaigun, ahal zela ikuskera berritzaile bat, eraldatzaile bat". Eta hortxe hasten da, iragan ostiralean Mikel Laboa plazan jendaurrean aurkeztu zuten "650 Usurbil bizi" herri proiektu berria, ekitaldi honetan Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak azaldu zuenez.

"Gure buruari galdetzen genion, posible al da egungo turismo eskaintza konbentzional eta inertzietatik at, bestelako turismo eredu eta eskaintza bat osatzea eta garatzea?". Baiezkoan zeuden. "Juxtu hausnarketa horretan ari ginela, egin genuen topo Jon Maia bertsolariarekin". Bertsogintzaz gain beste hainbat alorretan aritu da lanean. "Eremu horiek guztiak ardatz baten bueltan egituratzen ditu; posible ote den bestelako mundu bat sortzea".

Usurbilgo alkateak azaldu zuenez, "motibazio horrek ekarri zuen Jon Usurbilera, eta Udalarekin eta herriko eragileekin elkarlanean aritu da, turismo alorrean ere beste mundu bat posible denaren ideia lantzen, sortzen eta egituratzen".

Behetik gorako eskaintza
Azken urte eta erdiko lanketa prozesu luze horren abiapuntuan galderok kokatu zituztela oroitu zuen Solaberrietak. "Zerk ezaugarritzen du Usurbil? Zer eta nola nahi ditu balioan jarri ezaugarri horiek? Zergatik? Zertarako? Nola dinamizatu?".

Galdera hau kolektiboki erantzun behar zietela argi zuten hasieratik. "Bestelako turismo eredu eta eskaintza bat osatu bat behar bagenuen, eskaintza hori behetik gora eraikitakoa izan behar zuela, eta horretarako metodologia partehartzaile bat jarri genuen martxan".

Lehen fase hartan, berrogeitik gora herri eragilerekin bildu zen Maia, "dokumentazio lana egitearekin batera. Entzute eta elkarrizketa fase horren emaitza izan da "650 Usurbil bizi" proiektua".

"Beste gizarte eredu bat sustatzeko"
Egitasmo honek "Usurbilen identitatean, baloreetan, gure ondarean eta martxan ditugun proiektu eraldatzaileetan oinarritutako eskaintza bat proposatzen du". Eta eskaintza honen bidez, "horrekiko interesa duen bisitaria bilatu nahi dugu, alegia, turismo identitario, eraldatzaile eta aktibo bat sustatu nahi dugu. Izan ere nahiko genuke ere turismo aukera bat izatea beste gizarte eredu bat sustatzeko, eta posible ez ezik, uste dugu gainera, behar beharrezkoa dela ere". 

Noiz eta Usurbil "hiribildu" zenetik 650 urte bete berritan. "Hortik ere proiektuaren izena eta efemeride historiko hori erabili dugu historiari eta iraganari begiratzeaz gain, batez ere etorkizunari begiratzeko ere".