"650 Usurbil bizi"

"Kanpotik ikusi dudana da, balorez eta altxorrez betetako herri bat"

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 17a, 10:27

Hala zioen Jon Maia Soriak Udalarekin eta herri eragileekin batera landu duen Usurbilgo turismo eredu berriaz mintzo zenean, aurreko ostiralean Mikel Laboa plazan ospatu zen aurkezpen ekitaldian. Egitasmoak buruzko xehetasunok eskaini zituen.

Urte eta erdiko lanketaren ostean, "gaurkoan esan dezakegu errealitate bihurtzen ari direla buruan genituen egitasmo horiek", zioen Jon Maiak iragan ostiralean Mikel Laboa plazan ospatu zen turismo eredu berriaren aurkezpen ekitaldian, non eta "Usurbilgo paisaian pieza berri bat bihurtu" den eta "beste mundu bat posible da" aldarria biltzen duen zutabearen ondoan.

Egitasmooi dagokionean, hainbat "existitzen ziren lehendik, Usurbilek dituen ondare eta altxorrak dira, ez dira asmatu behar izan". Beste batzuk bai martxan jarriko dituzte, ostalaritza eremuetan banatuko dituzten eskuorrietan (momentuz euskaraz. Aurrerago, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez) nahiz Mikel Laboa plazako totemean edota 650usurbilbizi.eus atari berrian ikusi ahalko duzuenez. Guztiak "Usurbildik sortuak, usurbildarrek sortuak eta usurbildarrentzat". Eta "beste mundu bat posible da" dioen aldarriaren bueltan. "Zer herritan ikusten dugu mezu hori? Hemen agertzen diren baloreez betetako proiektuak, egitasmoak eta eremuak zuek, usurbildarrok, zuen historian zehar eraiki dituzuenak. Nork esango luke herri batek honelako eskaintza bat erakutsiko zuenik, turismoaz hitz egiten ari garenean?".

"Usurbilen aukera izan dugu zerotik eredu bat asmatzeko"
Are gehiago, turismoa "erabat estigmatizatua" dagoen kontzeptua izanik. Denok gara turistak baina Maiak oroitarazten zuenez, "guregana iristen direnean uholde horiek ez zaigu gustatzen" uholde honek dakartzan eragin ezkorrengatik. Espekulazioa, natur eta kultur inguruneen inbasioa, kanpokoari zerbitzatu beharraren ikuskera, aparkaleku falta, jendez betetako kaleak aipatu zituen adibide moduan. "Turismoaren alderdi negatiboak oso garbi ditugu", baina "egingo da modu bat gure gauzak erakusteko, gure interesen arabera? Sortu beharko dugu formularen bat gure herrietan, guk nahi dugun herri hori bultzatuko duen turismo eredu bat". Horixe egin nahi izan dute Usurbilen, "hainbeste makrointeres dituen sektore batean".

Maiak nabarmentzen zuenez, "Usurbilen aukera izan dugu zerotik eredu bat asmatzeko, udal batek dituen baliabideekin baina Usurbilen neurrira eta Usurbilen ezaugarrien arabera. Usurbilgo eragileen araberako soineko bat egin diogu Usurbilek osatzen duen gorputz horri". Horregatik zioen, plazaratu dutena ez dela kanpora begirako egitasmo soil bat, "barrura begirakoa ere bada nagusiki".

Balantze ez kuantitatiboa
Turismo eredu berritzaile honek duen arrakasta ez dute zenbaki hutsetan neurtu nahi. "Hemengo atez ateko sistema ezagutzen duen norbait izan eta bere herrian hori kontatu eta hori bultzatzen badu, hori izango da arrakasta guretzat. Euskara entzun eta hitz egitera etortzen bada pertsona bat eta bere euskara maila hobetzen badu, hori arrakasta izango da guretzat. Edo pertsonak beste modu batera zaindu daitezkeela interes ekonomikoen gainetik, bere herrira idea hori eramaten badu, hori arrakasta izango da guretzat. Horrez gain, hemengo tabernetan tragoak hartu, sagardotegietara joan, edo dendetan erosten badute, hori ere arrakasta izango da guretzat", Maiaren esanetan.

Bisitari moduan nabarmentzen zuenez, "ni Zumaiatik etorri naiz eta konturatu naiz zenbat altxor dituzuen herri honetan. Denak batera jarri eta argiztatzen baditugu hemen dagoenak ez bakarrik usurbildarrentzat, kanpotik datorren edonorentzat balore berezi bat du. Nik asko ikasi dut Usurbilen pasa dudan urte eta erdi honetan. Harritu egin naiz hemen aurkitu dudanarekin, seguru akatsak eta gabeziak asko egongo direla, seguru denak ez daudela konforme, bakoitzak bere arloan nahiko genukeenarekin. Baina kanpotik ikusi dudana da, balorez eta altxorrez betetako herri bat eta apenas inor etortzen dena hau ezagutzera".