"Erronka zaleak gara" eta baiezkoa ematea erabaki duela adierazi zuen NOAUA! Kultur Elkarteko lehendakari Idoia Torregaraik. Baiezkoa "650 Usurbil bizi. Beste mundu bat posible da" goiburutzat duen turismo eredu berriaren proiektuaren koordinazio eta dinamizazio lanari. Egitasmoari lotutako ardura hauek beraz kultur elkarte honenak izango dira aurrerantzean, ostiral arratsaldean Mikel Laboa plazan ospaturiko aurkezpen ekitaldian Torregaraik berak baieztatu zuen moduan.
Iaz gogoan izan, sortu zenetik mende laurdena bete zuen NOAUA! K.E.-k. 1996an "helburu jakin batzuekin sortu ginen", mende laurten beranduago helburuok hortxe segitzen dute, "baina berriak ere gehitu zaizkigu; kasu honetan, kultura eta turismoaren uztarketa polit eta berezia". Horri iazko urtemugarako hautatu genuen "beste 25 baietz" aldarria batuta, "erronka zaleak gara eta proiektuaren nondik norakoak aurkeztu zizkigutenean, hainbat bilera egin ostean aurrera egingo genuela argi genuen" adierazi zuen lehendakariak. "Oso polita da NOAUA! K.E.-rentzat proiektu honetan akuilu edo dinamizazio lan horiek egitea eta batez ere beste eragile guztiekin bat egitea, guk ere horrela funtzionatzen baitugu; elkarlanean eta auzolanean sinesten dugu eta hori da gure oinarria".
Erronka berri honen aurrean, "animatuta gaude gu. Zorionak Usurbil halako ekimen bat jartzeko ausardia izateagatik".
Kultura ardatz duen herri proiektua
Usurbilgo Udaletik eta Jon Maiaren eskutik jaso zuen NOAUA! K.E.-k dinamizazio eta koordinazio lanerako gonbita. "Ardura horren gonbita NOAUA! K.E.-ri luzatu genion. Gure ustez NOAUA! K.E. bada herri honen motore lan handia egiten duen elkartea eta ez dugu dudarik, proiektu honen dinamizaziorako, bultzadarako elkarte ezinhobea dugula. Zorionez gonbita horri NOAUA! K.E.-k baiezkoa esanda erantzun zion", nabarmendu zuen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak iragan ostiraleko ekitaldian.
Alkatearen esanetan, ostiralean jendaurrean aurkezturiko egitasmoa "ez da turismo plan soil bat, kultura ardatz duen herri proiektu bat" baizik. Jon Maiak duela urte eta erdi hasitako "elkarlan publiko komunitario honi segida ematea eta batez ere proiektu hau, urte luzeetako proiektu bat dela ulertuz, herrian ondo sustraitzea" nahi zuten. Herriko elkarte, eragileen eskutik. "Elkarlana bilatuko lukeen gune bat ere izatea" nahi zuten. Hortik, NOAUA! K.E.-ri eginiko eskaintza.