Buruntzaldeko 14. Ibilbideen Eguna

Buruntzaldean tipi-tapa ibiltzeko eguna gaur

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 16a, 12:10

Uda giroko igande goizak hainbat lagun mugiarazi ditu, Buruntzaldeko 14. Ibilbideen Egunean parte hartzera.

Uda giro beteko igandea esnatu zaigu gaurkoan; ezin aproposagoa, kirola egiteko arropa eta oinetakoak jantzi eta paseotxo bat emateko. Hala erabaki dute Buruntzaldean bizi diren hainbat eta hainbat lagunek. Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo Udalek tokian tokiko mendizaleen elkarteekin batera antolatu duten Buruntzaldeko 14. Ibilbideen Egunaren harira, tipi-tapa gelditu gabe ikusi ditugu hainbat herrikide ibilian goizetik eguerdira.

Ondoko irudiotan, Santuenea sarbidean antolakuntzak jarria zuen kontrol guneetako bat. Oihal bat eskuratzeko aukera zuten, bi ibilbide osatzen zituztenek. Antolakuntzaren helburua, jarduera fisikoa sustatu eta eskualdeko landa-ingurunea hobekiago ezagutzeko aukera ematea zen beste behin.

Ibilbideen egun hau amaitu den arren, noiznahi egin daitezke txangoak inguruotan. Adi, lagungarriak izango zaizkizue eta bailarako bideetan aurki ditzakezuen seinale eta panelak. Baita Navi Ruta aplikazioa ere.


Ibilbideak:
ANDOAIN – LASARTE-ORIA.
Buruntza mendia zeharkatuz edo gailurra eginda. Koloreak: urdina eta urre zaharra; 7,9 km. Soilik oinez egin daiteke, eta beharrezkoa da mendiko oinetakoak erabiltzea.

ANDOAIN – URNIETA. Koloreak, urdina eta berdea; 4,8 km. Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.

ANDOAIN – USURBIL. Andatzatik barrena. Koloreak, urdina eta laranja; 14,9 km. Soilik oinez egin daiteke, eta beharrezkoa da mendiko oinetakoak erabiltzea.

LASARTE-ORIA – URNIETA. Koloreak, urre zaharra eta berdea; 3,9 km. Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.

LASARTE-ORIA – USURBIL – AGINAGA. Koloreak, urre zaharra eta laranja; 9 km (Santuenetik barrena Aginagako Mapil ingururaino). Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.

Lagungarria: Navi Ruta aplikazioa, telefono mugikorrarentzat egokia, ibilbideren bat egiterakoan informazioa modu jarraituan jasotzeko; kokapena, jarraitu beharreko norabidea, interes-guneak... Aplikazioa deskargatzeko eta ibilbide bakoitza aktibatzeko udalerri bakoitzean jarrian dauden paneletan jarritako QR kodeak eskaneatu beharko dira. Kode horiek kontrol guneetan ere eskuragarri egongo dira.