Zaintzaren Usurbil
"Zer ederragorik bisitari bati erakustea baino Usurbilen burutzen ari diren proiektu aitzindariak, Txirikorda edo Matiako proiektuak bezala, non pertsonak erdigunean jartzen diren, zahartzaroaren kudeaketa berri bat eskaintzen den, gazteen eta adinekoen arteko elkarbizitza sustatzen den...".
Ez Dok Amairuren Usurbil
"Non erakusten den fisikoki Ez Dok Amairuren errelatoa edo historia. Usurbilek aitzakia ematen digu, euskal kulturaren berpizkunde horretan fokoa jartzeko".
Zero Zabor Usurbil
"Zero Zaborraren bidean Europa mailan puntaren-puntan dagoen herria, herri demokraziak erabakitako proiektuari esker. Zer erakutsi diezaioke herri batek beste mundu bat posible dela adierazten duen horrelako herri garaipen bat baino? Usurbilek harrotzeko duen arrazoi nagusietako bat hori da".
Euskararen Usurbil
"Usurbilen dagoen euskararen jakinduria, ezagutza maila ez du edozein herrik, erabilera maila ere %60tik gorakoa. Guk esango diogu edozein euskal herritarri etor zaitez Usurbila eta hitz egin ezazu euskaraz. Hemen aukera izango duzu gure hizkuntza garatzeko eta praktikatzeko"
Sagardoaren Usurbil
"Usurbilek duen sagardoaren kultura guztia. Usurbil sagardotegietan Euskal Herriko gunerik garrantzitsuenetakoa da baina ez sagardotegietan bakarrik, sagardoaren unibertsitatean, formakuntzan, estatu mailan bereziki eskaintza bat duen herririk potenteena dela esan dezakegu. Etorri Usurbila sagardoaren kultura ezagutzera, Sagardoaren Egunera, formakuntza ikastaroetara...".
Errioaren Usurbil
"Errioaren bueltan plangintza oso bat egingo dugu, eta ez bakarrik aisialdirako. Ibili piraguan, kayak edo arraunean, baina goazen garrantzia ematera alei, alatokiei, ontzigintzaren historiari, errioaren inguruko nekazaritzari".
Memoria historikoaren Usurbil
"Usurbil 1936 elkartea burutzen ari den lan hori guztia goazen balorean jartzera, goazen balorean jartzera Usurbil antifaxista dela. Goazen alaitasunez eta harrotasunez esatera bisitariari, giza balore horiek balorean jartzen dituen herri batera datorrela".
Errebotearen Usurbil
"Pilota modalitateetan beharbada gutxien ezagutzen dutena hor zehar. Hegoaldean leku gutxi dira errebote jokoa egiten dutenak, oso gutxi dira Zubietakoaren moduko pilotaleku eder honen modukoa duten herriak. Goazen erreboteari indarra eta argia ematera eta gure ondarearen eta kulturaren altxorra bezala erakustera".
Ondarearen Usurbil
"Mugarriak, errotarriak... hor egin den lan hori guztia azken urte hauetan, Euskal Herrian harrobi gehien dituen herria da".
Angularen Usurbil
"Zer esanik ez, Euskal herri mailan, punta-puntako herria eta Euskal Herritik kanpo ere bai. Goazen Usurbilen historiaren pasarte eta orainaldi horri fokua jarri eta hortik ere eskaintza bat sortzera".
Alkartasuna kooperatibaren Usurbil
"Zenbat herrik dute ehun urtetik gorako nekazarien sindikatu edo kooperatiba bat? Zenbat herrik esan dezakete ehun urtetik gorako nekazarien antolakuntza maila honetako bat duteni? Etorri Usurbila, ezagutu Alkartasuna kooperatiba, zoaz dendara eta erosi bertako ekoizleen produktuak eta ezagutu antolatzeko modu hori, eta posible bada zuen herrian ere martxan jarri".
Txalapartaren Usurbil
"Artze anaietatik instrumentu honi, hain lotua dagoen herria. Jexux Artze Kultur Elkartea hor dago, edo orain puntaren-puntan dauden Oreka TX-ren lokal edo egoitza hor dago. Usurbil txalapartaren herria bihurtzen duten osagaiak dira".
Auzo herrien Usurbil
"Zalantzarik gabe, bakoitzak bere nortasuna, bere independentzia maila dutenak eta bakoitzak bere ondarea, eta bere osagaiak. Herri guztiak ez dira auzoz edo auzo herriz osatuak".
Usurbil museo irekia
"Eskuorrietan ere badagoen mapa bat sortu dugu. Bertan, Usurbila etorrita bisitari batek euro bat ordaindu gabe ikus ditzakeen artelan guztiak seinaleztatuak ditugu. Bereziki aberatsa da bere kaleetan duen artelan kopuruan. Ez dira nolanahiko izenak, goi-mailako izenak, horma-irudiak, eskulturak..., Hau izango da orain abian jartzen dugun kontzeptu berri indartsuena, Usurbil museo irekia. Usurbila datorren orok gozatu dezake bere altxor hauetaz".