Zenbatek egiten dute euskaraz Usurbilen? Zenbatek udalerri hau osatzen duten auzo eta herrietan? Zenbatek sexua edota adinaren aldagaiak kontuan hartzen baditugu? Eta haurrak elkarrizketetan egoteak edo ez egoteak eraginik izaten al du? Galdera hauei eta beste hainbati erantzuteko unea heldu da. Soziolinguistika Klusterrak landu duen Usurbilgo euskararen kale-erabileraren datuen azterketa aurkeztuko dute astearte honetan, urriaren 18an, arratsaldeko 18:00etan hasita Potxoenean.
Duela bost urte egin zuten behaketa lan hau azkenekoz, ordutik euskararen erabilerak udalerri honetan izan duen bilakaera ezagutzeko aukera izango da beraz bihar. 2017an plazaraturiko datuen arabera, euskararen kaleko erabilera %61,9tik %54ra murriztu zen. Aldiz, haur eta gazteen artean gorantz egin zuen. Zer ote dakar Soziolinguistika Klusterraren azken azterlan berriak?
Orduko hartan bezala, hitanoaren erabilera ere zertan den aurkeztuko digute. "Aurreko azterlana 2016koa da. Orduan % 54 ziren Usurbilen kalean euskaraz aritzen zirenak (edo hala aditutakoak), eta horien artean, % 30, hika ari zirenak". Astearteko hitzordua, Euskaraldiko Batzordeak eta Usurbilgo Udalak antolatu dute.
Izen-ematea zabalik
Astearte honetako aurkezpena, bidean datorren 3. Euskaraldira begira antolatu dute. Dagoeneko zabalik da, Ahobizi nahiz Belarriprest guztiontzat inskripzio epea, izenematea.euskaraldia.eus atarian. Kontuan hartu data hauek; azaroaren 18tik abenduaren 2ra luzatuko da euskara ahotan hartzera konprometituko gaituen norbanakoen arteko ariketa kolektiboa. Euskara ulertzea da eskatzen den gutxienekoa eta norbere hizkuntza-ohiturak eraldatzeko nahia izatea. Hortik aurrera, aipatu moduan, bi rol aukeran; Ahobizi edo Belarriprest. Ahobizi izan nahi duenak lehen hitza beti euskaraz egin eta elkarrizketa elebidunetan euskarari eutsi beharko dio euskara ulertzen duten guztiekin. Belarriprest izango denak euskaraz dakitenei berari hizkuntza berean hitz egiteko eskatu beharko die uneoro eta egoeraren arabera erabakiko du euskaraz noiz egin.
"2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra ilusioz, arduraz, gogoz eta emozioz ekingo diogu ariketari. Kaleak beteko ditugu berriz ere, euskaraz hitz egitea inoiz baino errazago izan dadin. Belarriprestok eta ahobiziok aukera berriak izan ditzagun lan egingo dugu elkarrekin, auzoz auzo, herriz herri eta arigunez arigune. Hitzez ekiteko garaia heldu da", Euskaraldiaren sustatzaileen esanetan.
Herrietako bilguneak lanean hasiak dira. Izena emateko mahaia jartzen hasia da Usurbilgo batzordea, albiste honi atxikitako ondoko argazkian ikus dezakezuenez. Asteburuan plazan izan ziren. Asteotan gehiagotan ikusiko dituzue.