Igande honetako Baxurde Krossak eragin zuzena izango du trafikoan

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 17a, 14:33

Igande goizean korrikalariak izango dira protagonista nagusiak. Helduen saioa 10:30ean hasiko da; umeena, 12:00etan. Hori bai, izen-ematea bezperan itxiko da: urriaren 22an larunbata, arratsaldeko 16:00etan. Internetez egin behar da izen-ematea, ondoko helbidean: kronoak.com 

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, helduen ibilbidean aldaketa bat egin dute: Kalezartik behera jaisten hastean, Aranerrekara sartuko dira lasterkariak, Olarriondora atera eta Munalurratik Bordatxo aldera joango dira.

Santuenean, berriz, zubia pasatu ondoren, Zubietara joango dira zuzenean, auzotik egiten zen buelta kenduta.

 

Autobusa San Inazioko biribilgunean geldituko da igande honetan

Donostia aldeko herrirako sarbidea trafikoari itxita egongo denez, 09:30etik 13:00etarako tarte horretan Donostia-Zumaia norabideko autobus geltokia San Inazio biribilgunera pasatuko dute.

 

Mozketak Usurbilgo zein Zubietako bidegurutzeetan

Usurbilgo herrigunean eta Zubietan barrena ibiliko dira korrikalariak, eta lasterketako bidegurutzeetan mozketa laburrak izango dira igande honetan.

 

Autoa ez hartzeko aholkua

Ahal dela, krossak irauten duen denboran autoa ez hartzeko gomendatu du udaltzaingoak.