"Zur eta lur" daude herriko futbol eta eskubaloi taldeak biltzen dituen Usurbil F.T. eta Usurbil K.E., urriaren 13tik 16ra frontoian ospatu den Garagardo Azokaren ostean. "Esker oneko mezua zabaltzea besterik ez zaigu gelditzen; zur eta lur geratu baikara herriak izan duen erantzunarekin. Plazera da herriarentzat lan egitea, eta trukean horrelako erantzuna jasotzea", hala adierazi dute herriko bi klub hauek igaro den egunotan ospatu duten ekimenaz nabarmendu nahi izan dutena, NOAUA!ra helarazi duten balantzean.
Egunotan azokak izandako harrerak antolakuntzaren aurreikuspenak gainditu dituela nabarmendu dute:
GARAGARDO AZOKAREN BALANTZEA
Hilabete luzez buruan izan ditugun lau egun hauek amaitu dira dagoeneko; ostegunetik igandera antolatu berri dugun garagardo-azokak amaiera izan du. Sekulako erantzuna jaso dugu herritarrengandik, eta oso harro gaude herriari eskaini diogun espazio hori beteta ikusteaz. Lan askoren ondoren, guztia trabarik gabe joan dela azpimarratu behar dugu, eta jaso dugun erantzuna uste baino oparoagoa izan dela iruditu zaigu.
Aipamen berezia egin nahi diegu azoka honen parte izan diren herriko babesleei (taberna, denda, enpresa...), eta orokorrean, egunean bertan laguntzera etorri ziren guraso, jokalari zein zaletuei. Udaleko Zerbitzu Sailari ere esker mila; une oro laguntzeko prest egoteagatik! Azkenik, esker oneko mezua zabaltzea besterik ez zaigu gelditzen; zur eta lur geratu baikara herriak izan duen erantzunarekin. Plazera da herriarentzat lan egitea, eta trukean horrelako erantzuna jasotzea.
Gure aldetik berriz ere mila esker, eta hurrengo urtean azokaz gozatzera animatzen zaituztegu!
Usurbil Kirol Elkartea eta Usurbil Futbol Taldea