Kirola egiteko materiala opari, Hurbilagoren Tonbola berrian

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 18a, 11:03

Hurbilago elkarteko saltokietan erosketak egitearen truke, Tonbolan sari ederrak irabazteko aukera berriz ere datozen asteotan.

Kirol kamera bat, mendi makila bat, Troley maleta bat, yoga estera bat, kirola egiteko 4 mugikor zorro eta 2 katilu. Hori guztia oparitu asmo du Hurbilagok elkarteko kide diren saltokietan. Sari mordoa beraz, erraz eskura ditzakezuenak. Usurbilen bizitzeaz gain, Usurbilen erosita. Saltokiotan erosi eta kaxetatik txarteltxoa atera. Zoriak egingo du gainerakoa. Orain hasi eta azaroa erdialdera arte, Hurbilagoren Tonbola berrian.

Otarrak abenduan
Tonbolaren kanpaina amaituta, otarrak abenduan! Lehendik ere nahikoa arrazoi baziren Usurbilen bizitzeaz gain, Usurbilen bertan erosteko, beste hamaika arrazoi batuko dira abenduan. Herritik kanpora nahiz barrura begira jarriko gaituen "650 Usurbil bizi" turismo eredu berriaren egitasmoa aurkeztu zuten iragan ostiralean Mikel Laboa plazan. Horren baitan, herriko ekoizleen eta sortzaileen produktuen otarrak zozketatuko dituzte, Hurbilago ostalari eta merkatarien elkarteko dendetan erosketak egitearen truke. Erosketotan eskuratu ahalko dira zozketarako txartelak. "Animatu denoi herriko dendetan erosketak egin, herri merkataritza bultzatu eta herri sorkuntza ezagutzera", luzatu zuen gonbita, kultur arloko zinegotzi eta herrian eraikitzen ari diren kulturgune berriko sustatzaile Luken Arkarazok. Otar horretan, "literatura, musika, artisautza lanak, moda diseinua... Ezohikoa den otar bat osatzen gabiltza, gabonetan Usurbilgo etxe guztiak herriko kulturgintzaz aberasten jarraitzeko". Modu honetan, "sortuz bakardadea isolatuz" edota Kultur Biraren bidez pandemia garaian argi utzi zuten bezala. "Kultura ez da kontsumorako, aisialdirako produktu soil bat, askoz gehiago dela". 

Kulturgunea, Udala eta Hurbilago batu dira, Usurbilgo ekoizle, sortzaile eta merkatariak batuko dituen tokiko kontsumoaren aldeko "650 Usurbil bizi otarra" izeneko proiektu honetara. "Otar oso koloretsua izango dela aurreratzen dizuet", zioen Hurbilagoren ordezkari Juanjo Allurrek ostiraleko aurkezpenean.

Egitasmoaren diseinutik parte hartzen ari da Hurbilago eta aurrerantzean, "bere ekarpena egiten jarraituko du, proiektu hau gorpuzten, eraikitzen, egiten", Juanjo Allurrek ostiraleko aurkezpenean iragarri zuenez, egitasmoaren "filosofiagatik eta proiektu honen ezaugarriengatik, tokiko merkataritzak eta ostalaritzak etorkizunera begira behar dituen ezaugarriekin, guztiz bat egiten duen proiektu bat" baita.

Turismo eredua berriari lotutako proiektutik gakotzat jo zituen bi ezaugarri nabarmendu zituen; "bereizten gaituenari balioa ematea eta herri edota komunitate izaera indartzea". Lehenbizikoari dagokionean, "gure zerbitzu eta dendetan ere jaso eta sentitu behar dugu zerbait desberdina, bereizgarria eta komunitate izaerari dagokionean, dinamika sozial eta kultural indartsuak egoteak asko laguntzen dio tokiko ekonomiari, zer esanik ez ostalaritzari".

Etorkizunean ere "komunitate eta herri bizi izateko gure auzo eta herriguneetako zerbitzuak behar beharrezkoak ditugu", gogorarazi zuen Allurrek. Besteak beste, "Usurbil bizi eta koloretsu bat nahi badugu, gure herrigune eta auzoetako denda txikiak, tabernak, zebitzuak irekita eta bizirik nahi ditugu, gure kaleak erakargarriago egiten dituzten erakusleiho koloretsuak, herritarren joan etorria dagoela ikusten diren kaleak. Gertu bizi direlako lagun egiten diren bizilagunak. Kaleko zaintza komunitarioa egiten duten gazteak eta adinekoak".

Argi zioen, herri honek eskuartean duen erronka ez da makala. "Indarrean dagoen eredua aldatzea ez da erraza, non handiak gero eta handiagoak diren eta baliabideak geroz eta esku gutxiagotan dauden, non bitartekariak geroz eta ahaltsuagoak izanda, ekoizleak geroz eta estuago dauden. Baina mundu globalizatu honetan, interdependenteak izanik ere, bizi eremu bakoitzak, komunitate bakoitzak, bere berezitasunak eta ahalmenak aprobetxatze bidean jarri behar ditu. Erakargarritasuna sortu, gertukoa, hurbilekoa, konfiantzazkoa, osasuntsua, bidezkoa, komunitate izpiritua, beste balio batzuei lotutako mundu ikuskera bat eraiki".