Joanito Orella zendu da

Noaua Aldizkaria 2022ko urriaren 19a

Ibilgailu klasikoekiko zaletasun bizia zuen, baina nabarmentzekoen artean, elkartasun proiektu hainbatetan nola buru-belarri parte hartzen zuen. Joanito Orella zendu da.

Ibilgailu klasikoekiko zaletasuna sustatzen eta ibilgailuak elkartasunerako ere baliatu izan dituen Joanito Orella zendu da. Usurbilen aski ezaguna. Halakoetan bere bizitzako hainbat pasarte partekatu badaitezke ere, lerrootan bereziki ibilgailuekiko izan zuen lotura nabarmenduko dugu. Ibilgailuak elkartasuna helarazteko garraiobide gisa baliatzen baitzituen Orellak. Adibide moduan jarriko dugu, herrikide gehiagorekin batera, 2018an, Greziatik heltzen zitzaizkigun irudi latz haien aurrean, Lesbos eta Chios uharteetako errefuxiatuentzako negu hartarako arropa bilketa antolatu zuela Orellak Mikel Laboa plazan, Zaporeak proiektuak Greziako errefuxiatuak laguntzeko Euskal Herri mailan antolatu zuen kanpainaren baitan.

Aipatu moduan, errefuxiatuek ate joka zuten neguari begira zituzten bizi-baldintza latzei aurre egiteko arropa biltzen aritu ziren, tartean Orella bera. Ordubeteko tartean usurbildarren elkartasunez furgoneta goraino bete zen.

“Ume haiek han ikusita, zerua gainean erortzen zitzaidan”
Orion bizi zen Joanito garai hartan egon berria zen Grezian.  "Ekimenotan buru belarri denbora darama", jaso genuen garai hartako aldizkarietako batean. 2018ko iraila amaieran izan zen Greziako hiriburu Atenasen, hemen bildutako laguntza garraiatu zuen harantz. Denetarik; arropa, gurpildun aulkiak, elikagaiak, paketeak...

Eginiko bidaia luzearen helmugara iritsitakoan aurkitutako panorama latzaren berri eman zion NOAUA!ri Orellak. Baldintza kaxkarretan, eraikin batean bizi ziren 100 bat haur eta 60 bat emakume laguntzen aritu ziren. Besteak beste, iturgintza-lanak egiten aritu zen Juanito. “Ume haiek han ikusita, zerua gainean erortzen zitzaidan”, azaldu zion NOAUA!ri.

Munduko txoko ezberdinetatik ezinbestean ihes egindako hainbat herritar zeuden Grezian. “Denbora asko daramate han”, azaldu zigun Juanitok, “ez aurrera, ez atzera”, bere ikuspuntutik luzerako gainera. “Jendea kalean lotan, zaborretatik jaten... Hura penagarria da”.

Alde nabaria dagoela zioen, ez dela gauza bera hango berri kontatzea, hango errealitatea gu bizi garen munduko txoko honetatik ikustea edo bertatik bertara bizitzea. “Jendeak ere hara joan behar luke zer dagoen ikustera”, zioen Orellak. Handik itzulita berriz hara joateko beharra sortzen dela dio, “ahal den bitartean joango gara”.

“Erantzun izugarria ematen ari da jendea”
Bizilekua zuen Oriotik ere laguntzen segi asmo zuela eman zigun aditzera, aurretik egin zuen bezala. Greziako bidaia haren aurretik, aurrez Calaisera bidaiatu zuen arropa ematera, Serbian ere izan zen, Atenasen janaria ematen...

Zaporeak egitasmotik Euskal Herri mailan garai hartan bideraturiko neguko arropa biltzeko kanpainarekin ere bat egin zuen, eta Orion ere bilketa lanetan jardun zuen. Usurbilgoan ere parte hartu zuen. “Neguko arropa eskatu dute, larrialdi egoeran direlako. Erantzun izugarria ematen ari da jendea”, nabarmendu zion Orellak NOAUA! aldizkariari.

Etorkizunean halako ekimenen beharra izango dela ikusten zuen, Greziako eta beste hainbat lekuetako errealitateok ere luzaroan bizirik segiko dutela argi baitzuen.

Ibilgailu klasikoen zaletu amorratua
Juanito elkartasun ekimenengatik soilik ez, herriarekin partekatu zuen zaletasun batengatik ere elkarrizketatu genuen aldez aurretik. Ibilgailu klasikoak izugarri miresten zituen. Usurbilen auto hauen inguruko topaketa antolatu zuen baita usurbildarrak 2015eko uztailean. "2012an eta 2013an minien topaketa antolatu nuen Orion. Espainia mailan topaketa handiena hau zela esan zidaten. Bartzelonatik ere deitu zidaten, hainbeste auto ekartzeko ia nola moldatu nintzen jakiteko. Usurbilgo jendeak ere eskatu egiten zidan". Eskatu eta antolatu. "Mundu bat da hau, kontzentrazioetara joandakoa naiz eta jende asko ezagutzen dut. Lehen urtea da. Ondo ateratzen bada, datorren urtean ere segida emango diogu", adierazi zion NOAUA!ri eskainitako elkarrizketan.