Miriam Arrillaga eta Esther Arrojeria, nazioarteko txapelketen atarian

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 22a, 11:17

Herriko bi kirolari, nazioarteko txapelketa entzutetsuak jokatzeko atarian dira.

Bi herrikide nazioarteko txapelketei begira dira asteotan; Esther Arrojeria Arantzazistroke eskubaloi jokalaria eta Miriam Arrillaga Beloki pilotaria hain zuzen.

Arrillaga Belokik ate joka du, oraingoan etxetik oso hurbil, Biarritzen ospatuko den munduko pilota txapelketa. Munduko pilotari onenen artean lehiatuko da beraz Miriam, urriaren 23an hasi eta hilaren 29ra arte luzatuko den 19. edizioan. Hainbat marka hautsiko ditu abiatzear den txapelketak; bost kontinenteek ordezkaritza izango dute; 34 herrialdeek parte hartuko dute, inoizko gehien. 360 neurketako egitaraua, guztiak zuzenean eskainiko dira. Miriamek emakumeen arteko "frontball" txapelketan parte hartuko du, Leire Garai Gainzarainekin batera. Gogoan izan, iaz Europako txapeldun izaten amaitu zuela Arrillagak modalitate honetan, Toulousen (Frantzia) ospaturiko txapelketan.

Arrojeriari dagokionean, azaroaren 4tik 20ra Eslovenian, Mazedonia iparraldean eta Montenegron jokatuko den Europako eskubaloi txapelketan parte hartuko du. Jose Ignacio Pradesek zuzenduriko Espainiako selekzioko kide berrietako bat izango da Kalezarkoa, estreinazko parte hartuko baitu talde honetan. Berarekin batera izango dira Bera Bera taldeko beste hiru jokalari ere. Selekzio hau iazko mundu mailako txapelketan finalaurrekoetaraino heldu zen. Laster ospatuko den Europako txapelketa honen lehen fasean, Montenegro, Polonia eta Alemania izango dituzte lehen aurkariak. Hitzordu honi begirako entrenamendu moduan baliatu asmo du taldeak urriaren 28tik 30era Torreviejan jokatuko duten Espainiako Nazioarteko Torneoa. Tunez, Egipto eta Suitzarekin lehiatuko dira.