Maria Angeles herrikidea laguntzeko herri bilera gaur

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 21a, 10:01

Etxegabetze arriskuan dagoen Maria Angeles 80 urteko herrikideari laguntzeko herri bilera deitu dute herriko jubilatuek ostiral honetarako 18:00etan, Gure Pakea elkartearen egoitzan, Artzabalen.

Maria Angeles 80 urteko herrikideak bizi duen egoera bidegabea ezagutzera eman zuen urriaren 11n Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformak. "Egoitza Madrilen duen Reno Amusement SL mailegu-emaileak 60.000 euroko hipoteka-mailegua formalizatu zuen hildako semearekin, Maria Angelesen ordaindutako etxebizitzaren bermearekin eta epemuga aurreratuaren abusuzko klausularekin, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak baliogabetzat jo zuena. Horregatik, ordaindu gabeko hirugarren kuotaren ondoren, mailegu-emaileak hipoteka exekutatzeko demanda bat aurkeztu zuen, Maria Angelesek horren berririk izan gabe". Egoera horren aurrean, "epaitegiak 2021eko apirilean jakinarazi zion etxebizitza enkantean jarriko dela".

Hala berri eman zuen Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformak kaltetuarekin, Usurbilgo alkatearekin, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten EHBildu eta Elkarrekin Podemos alderdietako batzarkideekin batera iragan astean Donostiako Bulebarrean egin zuten agerraldian.

Bilera irekia
Ordutik, egoera bidegabe honi erantzun eta Maria Angelesi babesa eta laguntza eskaintzeko lehen elkartasun ekimenak abiarazi dituzte Usurbilen. Lehenik eta behin, "herriko jubilatuek sustatuta Maria Angelesi elkartasuna eta babesa antolatzeko herri bilera ireki bat deitu dute Artzabalen". "Zer egin dezakegu?" aldarripean, ostiral honetarako finkatu dute hitzordua, urriaren 21erako beraz, arratsaldeko 18:00etan Artzabalen. "Bertan ikusiko gara!", adierazi dute.

Elkartasun zozketa
Bestalde, elkartasun zozketa antolatu dute Gure Pakea jubilatuen elkarteak Artzabalen duen egoitzako jatetxean. Hamar zenbakidun 4 euroko zozketa baleak eskuragarri jarriko dituzte. Bi sari zozketatuko dituzte: 4 pertsonentzako asteburuko menua eta sagardo eta ardo lote eder bat. Zozketa azaroaren 1ean 18:00etan egingo dute. Bildutako laguntza osoa etxegabetze arriskuan den Maria Angelesen herrikidearentzat izango da.