"Guztion artean herri erantzun irmo bat eman dezagun"

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 21a, 09:50

Etxegabetze arriskuan den Maria Angeles 80 urteko herrikidea bizitzen ari den bidegabekeriaren aurrean, herri bilera deitu dute gaurko Usurbilgo jubilatuek. Laguntza eta babesa adierazteko ekimenetara batu da baita Usurbilgo Ernai. "Guztion artean herri erantzun irmo bat eman dezagun", adierazi dute sare sozialen bidez plazaraturiko idatzian. Gazteak erantzun horretan partehartzera deitu dituzte. Lerrootan Ernairen adierazpena osorik, baita egunotan jasotako Usurbilgo EHBildurena ere.

t


Espekulatzaileen aurrean herri elkartasuna
Iragan astean Usurbilen adineko emakume bat bere etxea galtzeko arriskuan dagoela jakin genuen, beste behin ere, oinarrizko eskubide bat izatetik oso urrun, etxebizitza mailegu emaile eta finantza erakunde handien sakelak betetzen dituen merkantzia soila dela frogatuz.

Gazteoi oso ezaguna zaigu hau; lehen eskubide zena orain pribilegio dela sinestarazi nahi digute, guztiona behar lukeena batzuentzat soilik dela ulertarazi, eta horretarako beharrezko zaizkien errepresio tresna judizial, polizial eta ekonomiko guztiak aktibatuko dituzte.

Bizitza duinen aldeko borrokan berretsiz, Usurbilgo Ernaitik garbi utzi nahi dugu gure herrian espekulatzaileen interesek ez dutela lekurik eta ez dugula pausu bakar bat ere atzera egingo Maria Angelesek bere etxebizitzaren jabe izaten jarraituko duela bermatu arte.

Horregatik, dei egiten diegu Usurbilgo gazteei datozen egunetan burutuko diren elkartasun adierazpen eta salaketa ekintzetan edota bestelako mobilizazioetan parte hartu dezaten, guztion artean herri erantzun irmo bat eman dezagun.

Herritar guztion etxebizitza eskubidearen defentsan.
Antolatu eta batu borrokara!

Usurbilgo Ernai

Maria Angelesekin elkartasuna. Etxebizitza eskubide bat da.

Gipuzkoako Kaleratzeak Stop plataformak lehengo astean egindako agerraldiaren bidez jakin genuen Maria Angeles Otegi, 80 urteko herrikideak, bizi zuen egoera bidegabea. 

Reno Amusement SL (Madril) mailegu-emaileak 60.000 €-ko hipoteka-mailegua zinpetu zuen hildako semearekin, Maria Angelesen txebizitza bermetzat hartuta. Abusuzko klausulak medio, semeak hirugarren kuota ordaintzeari utzi zion, et, ondotik, mailegu-emaileak hipoteka betearazteko demanda bat tartekatu zuen. Maria Angelesek ez zuen horren berri izan, eta epaitegiak 2021eko apirilean jakinarazi zion etxebizitza enkantean jarriko zutela. Salatu nahi dugu zer-nolako basakeriak egiten dituzten hainbatetan mailegu-emaile, putre funtsek eta hainbat bankuk. Klausula bidegabe hauek egoera zaurgarrienetan eta beste irtenbiderik gabe dauden herritarren gainetik etekin ekonomikoak ateratzeko erabiltzen dituzte. Negozioa, dirua, pertsonen gainetik jartzen dituzte. Baina, etxebizitza eskubide bat da eta ez negozioa. 

Kaleratzeak Stop-eko abokatuak esan bezala, etxebizitza enkantean jartzeko prozesua atzeratzen/gelditzen saiatzen ari dira. Mailegu-emaileari ordaintzeke dagoen diru kopurua zehazteko eskatu diote zorra deusezteko (“enervar”) aukera eskatuz, hau da, zorra ordaintzea. 

Herritar asko bezalaxe, gu ere kezkatuta gaude egoera bidegabe honekin. M.Angelesek bere etxean bizitzen jarrai dezan ahal dugun guztia egingo dugu herri mobilizaziotik eta instituzioetatik.

Elkarrekin eta elkartasunez lortuko dugu!

M. Angeles ez zaude bakarrik!

Usurbilgo Euskal Herria Bildu