Etapa berri bat abiarazi du GuraSOSek; orain arteko bide judizialari segida emango diona, baina batez ere kaleko presentzia berreskuratu nahi duena. Aurrera begirako estrategia partekatu eta urteotan bidelagun izan duen zientzialarietako baten, Fernando Palaciosen hitzaldia entzuteko aukera izan zuten iragan ostegun iluntzean, Sutegiko auditorioa goraino bete zuten herrikide, nahiz herri eragile, ikastetxe, sindikatu edota mugimendu ekologistako ordezkariek. "Guztion lana beharrezkoa da", gogorarazi zuen GuraSOSeko ordezkari Joseba Belaustegik. Egoera hau iraultzeko, "ezinbestekoak zarete", nabarmendu zien Sutegira joandakoei.
Urteotako borroka judizialaren ibilbidea errepasatu zuen. 2019an erabaki zuen hain zuen GuraSOSek bide penala zabaltzea. Ordutik besteak beste auzitegietan da, Arkaitzerrekan izan diren urteotako hondamendiak.
Laguntzarako eta mobilizaziorako deia
"Gipuzkoako Foru Aldundiak bahituta ditu GuraSOS taldearen kontuak", dio GuraSOS zabaltzen hasia den idatziak. Egoera horren aurrean, "auzolanean, osasuna eta ingurumena babesteko eta etorkizun iraunkorra bermatzeko beharrezkoak diren zerbitzu eta materialak kontratatzeko eta ordaintzeko" diru ekarpenak egitera animatzen dute GuraSOSetik. Osteguneko aurkezpen ekitaldian Sutegin bertan mahaia jarri zuten. Asteotan ezagutaraziko dute baita non eta nola egin ahalko diren diru ekarpenok.
Mobilizatzeko deia ere egin zuten kultur-etxean. "Ez dugu epaitegietan irabaziko. Kaleak bete behar ditugu berriro", nabarmentzen zuen GuraSOSek. Kalera ateratzeko deialdia egin zuten. Mobilizazio handi bat prestatzen hasiak dira, azaroaren 26-27ko astebururako Sutegin aurreratu zutenez, "Orain bai, gelditu" aldarripean eta abiatu berri duten ziklo honetako kanpainaren xede nagusia betetzeko: Zubietako erraustegia prebentiboki geratzeko.
Arriskuez ohartarazten
Orain artean bezala, GuraSOSen bidelagun izateko asmoa agertu zuen Fernando Palacios zientzialariak ere. Behar duten horretan laguntzeko prest eta baita kide gehiago erakartzeko ere. Hainbat aholku proposatu zizkion GuraSOS-i fase berri honi begira. Ekintzak, informazioa, laguntza bilketa eta herrian eragitea besteak beste. CSIC-eko (Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorena) kide ohiak, edo Sutegin usurbildarren aurrean aurkeztu nahi izan zuen moduan, zientzialari jubilatu honek hitzalditxo laburra eskaini zuen erraustegiaz Sutegin.
Beste behin gogorarazi zuen, birziklagarri eta berrerabilgarria den hondakinen, edo hobekiago esanda lehengaien %80a errauts eta kean bilakatzen duela Zubietakoa bezalako planta batek. Eta horrek bai airean, uretan, lurrean eragiten duen kutsadura eta kaltea. Zabortegien itxiera iragarri izan den arren, argi dio Palacioek;, "zabortegi arriskutsua" beharko du beti erraustegi batek. Madrilen, Valdemingomezeko erraustegian gertatu berri dena azaldu zuen. Berriki, aire librean dagoen errautsen biltegi bat aurkitu dute. Horrek eragin dezakeen arriskuaz ohartarazi dute bertako eragile ekologistek.
Ingurunean soilik ez, ekonomia ere kaltetzen du erraustegi batek Palaciosen esanetan, lanpostu galera eragiten baitu. Aldiz hondakinak birziklatu eta berrerabiltzeak onura gehiago. Erraustegi batek "alternatibak alboratzen ditu". Eta epe luzera, herritarren osasunean eta ingurumenean "afekzioak izango ditu instalakuntzak". Azken urteotan zientzialariek sarritan ohartarazi izan duten moduan, aireratzen diren partikula toxikoengatik edota errautsengatik. Eta kezkagarriena, "neurketak ez dira egiten ari, edo ezkutatzen ari dira". Herritarrei eragiten ari zaiona ere "ez dira ikertzen ari".