"Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka"

Errigoraren produktu kaxak eskatzeko aukera gaurtik

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 22a, 10:28

Udazken parteko "Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka" kanpaina abian da gaurtik. Nafarroa erdialde eta hegoaldean ekoitzitako produktu aski ederrez hornituriko hiru kaxa eskatzeko aukera izango duzue azaroaren 10era arte.

Bueltan datorkigu Nafarroa erdialdean eta hegoaldean ekoitzitako produktu goxoez hornituriko saskiak eskuratu eta saskion bidez zonaldeotako euskalgintza laguntzeko aukera. Larunbat honetatik, urriaren 22tik azaroaren 10era luzatuko den kanpainaren baitan, jaki eta edari goxoez hornituriko hiru otar eskatu ahalko dituzue; sarean, errigora.eus atariaren bidez. Edota bestela, NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan. Beste behin, kultur elkarte honek bat egin baitu ekimen euskaltzalearekin. Otarrok hain zuzen, "milaka etxeetara eramaten ditugu, eta, auzolanari esker, bertako euskalgintzari ekarpen-ekonomiko garrantzitsua egiten zaio (saski bakoitzaren balioaren %25)".

Errigoratik nabarmentzen dutenez, "ekarpen hori ezinbestekoa da zonaldeko ikastolentzat eta AEK-ren euskaltegientzat, baita sare publikoan D eredua sustatzeko dinamikentzat ere. Gainera, Agerraldia mugimenduaren iturburu eta sustengu ere bada; zonaldean euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko eta bere aldeko jarrerak indartzeko lan egiteko baliabideak eskaintzen dizkio".

ERRIGORA
Epea: urriak 22-azaroak 10.
Eskaintza:
-Saski beltza: 55 euro. Oliba-olio birjina estra, orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, botila ardoa, eztia, kardua, mahats-zukua, piper-mamia, teilak, molineritoak eta 2023ko egutegia.
-Saski berdea: 65 euro. Oliba-olio birjina estra, orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, botila ardoa, ardo-ozpina, tomate frijitua, arroz integrala, pasta, konbutxa tea, teilak, sagar-zukua, txitxirioak eta 2023ko egutegia.
-Saski zuria: 75 euro. Oliba-olio birjina estra, orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, botila kriantza, ardo zuri apartsua, patxarana, ardi-gazta, patxaran-pastak, polboroiak eta 2023ko egutegia.
Eskaerak: online errigora.eus bidez edo NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan.
Oharra: saldutako saski bakoitzaren balioaren %25a Nafarroa erdialde eta hegoaldeko euskalgintzara bideratuko dute.
Informazio gehiagorako: errigora.eus