Biharko 13. Baxurde Krosean izen-emateko aukera 16:00ak arte

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 22a, 08:34

Online bideratu ahalko dute izena, helduen nahiz haurren krosean parte hartu nahi dutenek.

Ehunka lasterkari bilduko dituen Baxurde Krosa bueltan da, bi urteko etenaldiaren ostean. Antolakuntzatik aurreratu dutenez, parte hartzeari dagokionean, zituzten aurreikuspenak gaindituta gainera. Igande honetan ospatuko den hamahirugarren edizioan izen-emateko azken orduak dituzue honako hauek. Larunbat arratsalde honetan, 16:00etan itxiko du Baxurde Txiki Usurbilgo Triatloi Taldeak inskripzio epea. Izena online bideratu daiteke soilik kronoak.com atarian.

Helduen lasterketa ospatuko da lehenik igande goizean, eta segidan 2007-14 urte artean jaiotakoen umeen bi kros. Helduen lasterketari dagokionean, bada kontuan hartzeko aldaketarik ibilbideari dagokionez; aurreko edizioetan lasterkariek Santuenea barruan egiten zuten itzulia ordezkatuko du oraingoan, Aranerreka parke berrian barrena egingo duten bueltak. Gainerakoan, Kaxkoa, Bizkarre, Santuenea, Zubieta eta Kalezar zeharkatuko ditu 10:30etan frontoian hasi eta leku berean amaituko den lasterketak.

Helmugara iritsitako lehen hiru emakumezko eta gizonezkoak sarituko dituzte, partehartzaile guztientzat opari bana izango da eta zozketetan ere opari gehiago eskuratzeko aukera.

Trafikoa
Usurbilgo Udaletik trafikoari lotutako kontuan hartzeko oharrok kaleratu dituzte. Herriko sarbidea itxita egongo da 9:30-13:30 artean, beraz, Aginagarantz doan Lurraldebus zerbitzuaren geltokia San Inaziora aldatuko dute. Usurbil nahiz Zubietako bidegurutzeetan mozketa laburrak izango dira. Tarte horretan, autoa ez hartzea gomendatu dute.

13. BAXURDE KROSSA
Eguna: urriak 23, igandea.
Ordua: 10:30-13:30.
Tokia: Usurbilgo frontoia, irteera eta helmuga.
Zehaztasunak:
10:30 10,9 kilometroko 13. Baxurde Krossa. Usurbilgo frontoian hasi eta amaituko da. Herriko Kaxkoa eta landa eremuko bideak zeharkatuko ditu.
12:00 Umeen krosa: benjaminak (2013-14an jaiotakoak) eta alebinak (2011-12an jaiotakoak). 600 metrokoa. "Lehen erdia antolakuntzagatik bideratua eta bigarren erdia beraien erritmora joaten utziko zaie, beti antolakuntzaren begiradapean".
12:10 Umeen krosa: infantilak (2009-10an jaiotakoak) eta kadeteak (2007-08an jaiotakoak). 1.000 metrokoa. "Beraien erritmora joaten utziko zaie hasieratik, beti antolakuntzaren begiradapean".
Izen ematea: urriaren 22ko arratsaldeko 16:00ak arte kronoak.com atarian. 12 euro helduen lasterketa, doan umen krosa (2007-2014 urte artean jaiotakoentzat).
Oharrak:
-Kontsigna, frontoi ondoan.
-Dortsalen banaketa, lasterketa egunean, goizeko 9:00etan hasita.
-Izen-ematea online bideratu ahalko da soilik.
-Lasterketa amaieran, lehen hiru gizon-emakumezkoentzat saria eta partehartzaile guztientzat opari bana eta zozketak (2 lagunentzako otorduak herriko tabernetan, herriko kirolari profesionalek sinaturiko arropa edota janari lote ezberdinak).
-Umeen krosean, eskualdeko edo aldameneko eskualdeko umeek parte hartu ahalko dute. Usurbilgoez gain, Donostialdea, Tolosaldea, Azpeitialdea eta Irunaldekoek. Lasterketak ez dira lehiakorrak izango.
-Aldaketak ibilbidean: Santuenea barruan ez da itzulirik egingo eta estreinakoz Aranerreka parke berrian barneratuko dira lasterkariak.
-Herrirako sarbidea itxita egongo denez, Donostia-Zumaia norabideko autobus geltokia San Inazio biribilgunean 09:30-13:00 artean. Usurbil nahiz Zubietako bidegurutzeetan mozketa laburrak izango dira.
Informazio gehiago: kronoak.com
Antolatzailea: Baxurde Txiki Usurbilgo Triatloi Taldea.