Adi trafikoari lotutako oharrei asteburu honetan. N-634 errepidean dakizuenez bi puntutan lanean ari dira asteotan. Batetik, Troia-Txikierdi artean errei bat itxita egongo da abenduaren 22ra arte gutxienez. "77 metroko luzera eta 4 metroko altuera duen horma sendotzeko, hormigoizko zapata bat erabiliko da, eta 25 zentimetroko lodieran proiektatutako hormigoizko geruza bikoitz bat jarriko da, 2,50 metroko diametroko 25 mm-ko hiru buloi-ilararekin ainguratuta", azaldu dute Gipuzkoako Foru Aldunditik. Hilabeteotan semaforoek kudeatuko dute ibilgailuen joan-etorria.
Kalezarren, Matia parean
Usurbilgo Udalak ohartarazia duenez bestalde, urriko asteburuotan, errei bat itxiko dute baita Matia Kalezarren eraikitzen ari den zaintzadun etxebizitzen parean, Txaparren-Berri etxe inguruan dagoen bihurgune inguruan. Gaur goiz eta eguerdi partean ere itxita izan dute. Saneamendu sarea hobetzen ari dira eremu honetan. "Mozketa Matiaren eraikin berriaren parean izango da: hoditeria berria sartuta, euri urak eta ur zikinak bereiztea izango da lanen helburua", ohartarazi duenez. Horretarako aipatu moduan, "beharrezkoa izango da errei bat ixtea eta trafikoa behin-behineko semaforoekin bideratzea.
13. Baxurde Krosa
Igandean ospatuko den 13. Baxurde Krosa tarteko azkenik, Oxtapeko sarrera itxita egongo da 9:30-13:30 artean. Honenbestez, Donostia-Zumaia norabideko autobus geltokia San Inazio biribilgunera pasatuko dute. Lurraldebusen zerbitzuek bertan egingo dute beraz geldialdia. Horrez gain, Usurbilgo herrigunean eta Zubietan barrena ibiliko dira korrikalariak, eta lasterketako bidegurutzeetan mozketa laburrak izango dira igande honetan. Ahal dela, krosak irauten duen denboran autoa ez hartzeko gomendatu du udaltzaingoak.