Adi haizeari eta sute arriskuari datozen orduotan. Euskalmet meteorologia agentziak alerta laranja ezarri du baso-sute arriskuagatik, igande goizaldeko 6:00etan hasi eta arratsaldeko 15:00ak arte. Tarte horretan, "baso-sute arriskua oso handia" izango dela iragarri du, "hegoaldeko haizearen indarragatik, tenperatura altuengatik eta landarediaren egoeragatik". Gainerakoan, larunbat eta igande osoan zehar, abisu horia indarrean mantenduko dute.
Alerta laranja ezartzeko arrazoietako bat, haizea da. Haizeagatik hain zuzen, abisu horia ezarri dute, gauerditik igande arratsaldeko 18:00ak arte haizeguneetan. Haizeguneotan, "hego/hego-mendebaldeko haize-boladek haizeguneetan 100-110 kilometro orduko abiadura gaindi dezakete, bereziki mendebaldeko mendi inguruetan". Haizeguneak ez diren tokietan ere abisu horia indarrean izango dute igandean, 6:00-15:00 artean. Guneotan ere norabide bereko haize-boladek 80 kilometro ordukoa abiadura gainditu dezakete, "bereziki mendebaldean. Goizaldean eta arratsalde-gauean hego/hego-mendebaldeko haize-boladak 60-80 kilometro ordu ingurukoak izan daitezke".
Giro honetan, datozen orduotan Usurbilen, "hodeiak ugaritu egingo dira eta zeruak hodeitsu geratzeko joera izango du eta noizean behin zaparradak bota ditzake. Hego-osagaiko haize bizia ibiliko, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin; bereziki egunaren bigarren partean. Tenperatura maximoak nahikoa igoko dira". Igandean, "zerua tarteka hodeitsu egongo da, erdi mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin. Hego-mendebaldeko haize bizi-gogorra ibiliko da, bolada oso gogorrekin, egunaren lehen partean. Tenperatura minimoak nahikoa igoko dira eta maximoetan aldaketarik ez".
Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus