Aisialdiko begirale izateko ikastaroaren zertzeladak aurreratu dituzte

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 25a, 08:09

Aisialdiko begirale titulua Usurbilen bertan eskuratu daitekeela, horri buruzko xehetasunak aurkezten aritu ziren iragan ostiralean, urriaren 21ean Potxoenean, Usurbilgo Udala eta Zirimola Aisiola hezitzaile eskola. Aisiola Zirimola ikastolen aisialdi taldearen baitan dago, aisialdiko begirale eta zuzendarien formaziorako eskola da. "Euskal izaera duen elkartea da, haur eta gazteentzako aisia hezitzailea sustatzeko lanean diharduena, euskara eta euskal kulturarekiko konpromisoa landuz eta ekologiaren funtsezko balioak transmitituz. Halaber, ISO 9001 kalitate ziurtagiriak ezarritako eskakizunak betetzeko konpromiso sendoa duen erakundea da IKE".

Begirale gisa jarduteko beharrezkoa den titulua eskuratzeko ikastaroa eskaintzekoa da Usurbilen. “
Ikastaroa Usurbilgo aisialdiko egitasmoari egokitu zaio, herri hezitzaileen oinarrietatik abiatuta, euskaraz, herritik eta herriarentzat. Horretarako, Udala eta NOAUA! K.E.-rekin elkarlanean dago Ikastolen Elkartea. Animatu eta izena eman!", luzatua dute gonbita. Informazio gehiagorako, zirimola.eus

Dirulaguntzak
Gogoan izan, ikastaro hauek diruz laguntzen dituela Usurbilgo Udalak. Ikasturtean zehar eginiko ikastarorako laguntza eskaerak uda hasieran aurkezteko aukera izaten da. Usurbilen erroldatua egotea, eginiko ikastaroa euskaraz izatea eta Eusko Jaurlaritzak homologatua izatea ezinbestekoa izaten da. Ikastaroaren alderdi teorikoa gainditzea eta araututako gehienezko epearen barruan titulua lortzea (araututako epearen barnean titulua lortu ezean, itzuli egin beharko zaio udalari jasotako dirulaguntza) ere bai. Begirale ikastaroaren kasuan, matrikularen % 50 (gehienez ere 250 €) diruz laguntzen du Udalak. Aisialdiko zuzendari ikastaroaren kasuan, matrikularen % 50 (gehienez ere 250 €).