Hamarnaka saritu jada, Hurbilagoren Tonbolari esker

Noaua Aldizkaria 2022ko urr. 25a, 12:37
Argazkiak: Hurbilago elkartea.

Usurbilgo merkatarien eta ostalarien elkarteak martxan jarritako ekimen berriak hamarnaka herritar saritu ditu dagoeneko. 

Hurbilago elkartetik helarazitako ondoko argazkiotan ikus dezakezuen moduan, 30 bat saritu gutxienez bai. Bistan denez, Usurbilgo merkatarien eta ostalarien elkarteak martxan jarritako Tonbola eskuzabal portatzen ari da. Asteotan, azaroaren erdialdera arte Hurbilagoko kide diren saltokietan erosketak egitearen truke, kirola egiteko materiala eskuratzeko aukera izango duzue: kirol kamera bat, mendi makila bat, Troley maleta bat, yoga estera bat, kirola egiteko 4 mugikor zorro eta 2 katilu.

Hori guztia oparitu asmo du Hurbilagok elkarteko kide diren saltokietan. Sari mordoa beraz, erraz eskura ditzakezuenak. Usurbilen bizitzeaz gain, Usurbilen erosita. Saltokiotan erosi eta kaxetatik txarteltxoa atera. Zoriak egingo du gainerakoa. Orain hasi eta azaroa erdialdera arte, Hurbilagoren Tonbola berrian.

Otarrak abenduan
Tonbolaren kanpaina amaituta, otarrak abenduan! Lehendik ere nahikoa arrazoi baziren Usurbilen bizitzeaz gain, Usurbilen bertan erosteko, beste hamaika arrazoi batuko dira abenduan. Herritik kanpora nahiz barrura begira jarriko gaituen "650 Usurbil bizi" turismo eredu berriaren egitasmoa aurkeztu zuten urriaren 14an Mikel Laboa plazan. Egitasmo horren baitan, herriko ekoizleen eta sortzaileen produktuen otarrak zozketatuko dituzte, Hurbilago ostalari eta merkatarien elkarteko dendetan erosketak egitearen truke. Erosketotan eskuratu ahalko dira zozketarako txartelak. Abenduan aipatu moduan.